Nola jorratu dolua mugimendu ekologisten porrot historikoagatik eta datorren tragedia klimatikoagatik?
Jorge Riechmann poeta eta ekintzaileak idazketaren eta poesiaren bidez egin du, eta emaitza “Grafitis para Neandertales” (“Grafitiak Neandertalentzat“) liburuan gauzatu du (Eolas, 2019). Hori izango da egileak Gasteizen, Errenteria-Oreretan, Bilbon eta Iruñean azaroaren 3tik 12ra eskainiko duen hitzaldi-sortaren ardatza.
Kapitalismoaren porrot ikaragarriaren ondorioz emandako kolapso ekologiko-sozial eta antropologikoan sakontzen du lanak. Bere libururik gogorrenetarikoa den honekin, Riechmannen errukia, pietatea, argitasuna eta maitasunaren garrantziaz ohartarazi nahi du etorkizuneko balizko genozidioak ekidin nahian, energiaren gainbehera eta aldaketa klimatikoarengatik.
Jorge Riechmann (Madril, 1962) idazle oparoa da, dozenaka argitalpen plazaratu dituela, poesia eta saiakeraren artean, egile frankofonoen eta alemaniarren lan askoren itzultzailea ere izanik. Baina bere ibilbide literarioaz harago, matematikaria, filosofia irakaslea eta Zientzia Politikoan doktorea da. Mugimendu sozial eta politikoetan izandako militantzia ere azpimarratu behar da, batez ere ekologismoan.
Lau solasaldiak sarrera librekoak izango dira, baina osasun-egoeragatik izena ematea beharrezkoa izango da. Gai sakonak jorratuko ditu hizlariak: nola egin aurre, etsi gabe, abian den hondamendi klimatikoari? Zer baliabide mota eskain ditzake poesiak –gainerako arte, zientzia edo filosofiarekin batera – proba Handiaren Mendean? Zein praxi sozial eta politiko jorratu ekozidio garaian? Nola ulertu itxaropen kontrafaktiko bat? Lortzen al dugu borrokan jarraitzea porrota ia segurua denean? “Grafitiak Neandertalentzat” Alternatibako kide Joseba Barriolak euskaratu du, beraz, Riechmannen lana euskaraz entzuteko aukera izango dugu solasaldiren batean.
Lehen hitzaldia bihar asteartea, azaroak 3, izango da, 18.30etatik aurrera gure Gasteizko egoitzan (Los Herran 25, behea). Bigarren aurkezpena azaroaren 4an, asteazkena, izango da 19.30etatik aurrera Xenpelar Etxean (Madalen 32, Errenteria-Orereta). Hurrengo egunean, azaroaren 5ean, osteguna, Bilbora joango gara, eta bertan jarraitu ahal izango dugu, aurrez aurre zein modu telematikoan, Youtubeko gure kanalaren bidez (youtube.com/AlternaTB), 18.30etik aurrera. Azkenik, azaroaren 12an Iruñea bisitatuko dugu Katakrak espazio alternatiboan amaitzeko, 18:30etan ere.
Hitzaldi guztiak doakoak izango dira, baina osasun-neurri guztiak bete eta bermatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da aldez aurrerik lekua gordetzea prentsa@alternatiba.net helbidera idatziz. Esparruen edukiera murriztua izango da, eta urruntze-neurri eta higiene-erabilera guztiak beteko dira. Bertaratzen diren pertsona guztien tenperatura hartuko da, eta ezinbestekoa izango da muxukoarekin sartzea.