Alternatibatik elkartasuna adierazi nahi diogu saharar herriari eta bere borroka legitimoari indar okupatzailearen erasoaren aurrean, Guergueraten armistizioa hautsi ostean.
Alternatibako Mahai Internazionalistatik argi adierazi behar dugu Marokoko erregimenak giza eskubideak eta nazioarteko legeak urratzen dituela. Horren aurrean, Espainiako eta Frantziako estatuek, utzikeriaz jokatzen dute, ez bada eskutik doazela Marokoren okupazio-politikekin.
Era berean, argi eta garbi diogu beharrezkoa dela Marokoko erregimenari boikota egitea eta Europako Batasunaren eta herrialde honen arteko merkataritza askeko ituna salatzea, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren subiranotasuna urratzen baitu, bere lurraldea eta baliabide naturalak bereganatuz, Fronte Polisarioko ordezkarien gainetik eta bere asmo legitimoak ukatuz, hau da, saharar herriaren autodeterminazio eskubidea.
Sahara Hurra! Esaten dugu ozen, berebizikoa da internazionalismoa indartzea, herrien arteko borroka partekatuak nagusi direlako. Elkartasun bide horretan gaude, baita Euskal Herriko kaleetan ere. Horregatik, Alternatibak, egunotan saharar herriarekin elkartasunean gure herri eta hirietan antolatutako elkarretaratzeekin bat egitera deitu du.