Egun hauetan jarraitu ahal izan ditut Jorge Riechmannen hitzaldiak Gasteizen, Errenterian eta Bilbon. Sakona, aberatsa eta adoretsua bere ekarpena.
Hiru gai azpimarratuko ditut hemen eta jarrera bat.
1.- Genozidiora eta ekozidiora doan bidean sartzen ari garela onartzeko ausardia behar da. Baina sartuak gaude jadanik. Nekropolitika martxan dago jada. Adibideak: George Floidek “ezin dut arnasa hartu” esaten zuen poliziaren bota lepoan zuela, baina bota horrek Trumpen inguruko mugimenduaren babesa zuen; Bolsonarok arnasarik gabe uzten ari da Amazonia, deforestazioarekin oihana oxigeno eta urik gabe utziz, eta nazio indigenak heriotzara kondenatuz; Ruanda, Afganistan, Irak, Siria, Palestinako gerrak koltan, petrolio, uraren jabetza justifikatzeko egiten dira; Mediterraneoan hildakoak zer dira? Hilak edo erahilak? Eta nor da hiltzaile? Agian, europarron bizimodu eta maila babesteko legitimoa al da erailtzea? Gertuago oraindik: COVID 19arekin hil diren milioitik gora pertsonak zer dira hilak edo erahilak? Iragan hurbileko edo oraintsuko adibideak dira, baina gertu dugun geroa are ilunago dator. Ezjakinarena egiteak ez du balio.
2.-Lur planetan bizitza dagoen ezkeroztik (3.800 milioi urte) gure egunotan gertatzen ari da biodibertsitatearen seigarren suntsipen handia, orain arte izan direnak baino handiagoa. Hortik etor daitezkeen pandemietatik aparte, suntsipen horrek azkartuko du aldaketa klimatikoa, eta honekin azkartuko da biodibertsitatearen suntsipena. Eta honekin giza bizitza eta bestelako bizitza mota asko bide berean gaude…. Eta eransten dut: biodibertsitatearen seigarren suntsipenarekin batera ematen hari da giza hizkuntzen lehen suntsipen erraldoia. Unescok hala dio: milaka hizkuntza (euskara tartean) desagertzeko zorian daude, eta hizkuntza handiak informazioaren kaosarekin eta manipulazioarekin degradatzen ari dira. COVID 19 dela eta, Leonard Boff askapenaren teologiaren pentsalariak baieztatzen zuenez, Abya Yalako hizkuntza batzuk hiztunik gabe geratzen ari dira.
3- Beharrezkoa dena ezinezkoa dirudienean, eta behin eta berriz gurpil-ero horretan katramilatzen garenean, ordua da beste dimentsio batera jauzi egiteko. Hauxe da jauzi horretarako unea. Kapitalismo globalizatuan ezin dira krisi hauek konpondu, baina kapitalismo globalizatua gainditzea ezinezkoa begitantzen zaigu. Orduan beste dimentsio batean kokatu behar dugu geure buruak eta geure gizarteak. Zer da dimentsio berri bat? Zein da behar dugun dimentsio berri hori?
Dimentsio berri bat -funtsean begirada berri bat–, zer den adibide batzurekin azalduko dut. Inaki Antigüedadek eta Ane Zabaletak, Martin Ugalden egin zen Petxarromanen liburuaren aurkezpenean, esaten ziguten: erreka begiratu beharrean arroa begiratu behar dugu. Arroa gabe erreka ez da ezer. Carlos de Castrori irakurri diot arbolak banan bana begiratzea eta basoa osotasunean begiratzea ez dela berdina. Arbolaz arbolaz begiratuta ez dugu ikusten arbolen arteko koordinazioak, sinbiosiak, lurrarekin duten harremana, ebapotranspirazioen neurria. Areago joan da, bizitzaren historia guztia holako unez beterik dago. Molekula oso konplexuetatik bizitza, hau da, autopoiesia duten bakterioetara jauzia; nukleorik gabeko bakterioetatik bakterio nukleodunetara; oxigenorik gabeko bizitzatik (anaerobioak) oxigenoz bizitzen diren aerobioetara; bakterio unizelularretik bakterio plurizelularretara; konplexutasun gutxiko organismoetatik (zelula mota desberdin gutxirekin) zelula mota desberdin asko (odola, giltzurrina, neuronak, biriketako zelulak eta abar…) duten organismoetara (animaliak, kasu). Baina kasu guzti hauetan dimentsio berriak ez du deuseztatzen bizitzaren aurreko pausuak. Gu geuk, gizakiok, gure bizitzarentzat ezinbestekoak diren birus, mikrobio unizelular eta plurizelular desberdinak, funtzio berezi desberdinak duten organoz, eta garen osotasunean (gure hitzegiteko, ugaltzeko, eta naturarekin energia-materia metabolismoa izateko dugun ahalmena), dimentsio guzti horiek presente daude gugan. Historiak era ematen ditu horrelako adibideak. Ez luzatzeagatik kasu bat azpimarratuko dut: Karlos Marx-ek, dimentsio berri batean, begirada berri batean jarri zituen ordura arteko Ilustrazioak marraztutako ortzimuga demokratikoak: lanaren esklabutzan dagoen pertsona demokraziatik egotzita dago. Feminismoak ere begirada aldaketa izugarria erakarri digu, emantzipazioaren beste dimentsio bat eskaini digu. Gauza bera esan daiteke Lynn Margulisek bizitzaren sortze, ugaritze, iraupenean, eta bizitzaren beraren oinarrizko baldintzak sortzean sinbiosiak, koordinazioak eta elkarlaguntzak izan duten papera agertzean eta Gaia-ren osaketaren oinarriak jartzean bizitzak duen papera argitzean, egin duen aportazioagatik. Begirada berriak egoera limite batean kokatzen garenean.
Eta zein da gaur egun behar dugun dimentsio, begirada berria? Begirada hori osatzen ari da esperientzia praktikoz eta gogoeta intelektualez, eta lan hori giltzarria da geroa duina lortu ahal izateko. Funtsean, nik ikusten hasi naizenez, hauxe da: Gizarteari buruzko begirada Gaiaren dimentsioaren barnean jartzea. Ez da soilik sistema kapitalista azti-ikasle miserable bat bezala Natura desegiten ari dela. Ez da soilik eurozentrismoa gainditu behar dela. Ez da soilik androzentrismoa gainditu behar dela. Orain eta premiaz, antropozentrismo bera da gainditu behar duguna. Bat gara bizitza guztiarekin, bakterioetatik hasi, ontto eta algekin segi, landareak eta arbolak, eta azkenean, etorri berriak diren animali ugaztunekin segi eta azken etorria homo espeziearekin, eta berri-berri eta erotuta dagoen homo sapiens-ekin bukatu. Bizitzaren kate orekatua da dimentsio berria. Hortik abiatuta ezinbestekoa bihurtzen da deskarbonizazioa, desnuklearizazioa, deshazkundea, hiri-metropoli erogarriekin amaitzea, zaintzaren uholdea, bizitza erdigunean jartzea, berdintasun sozioekonomikoa, bakoitzaren garapen sortzaile bizigarria, harrokeriazko luxua deitoratzea, umiltasun intelektuala, munduko herri kultura guztien artean elkarrekin landutako gogoetak, maitasun sentimendu askatzaileak…eta horregatik behar dugu bizitzaren hizkuntzen eta hizkuntzen bizitza gure eguneroko praxia bihurtu.
Dominazioan, lehia krudelean, hierarkia umiliagarrian, insolidaritate itogarrian…oinarrituta gugan txertatu diguten desio-sistemak erauzi behar ditugu. Gizakiak eta natura dominatzeko eraikitako pentsamenduen sistemak eta horiekiko dugun kredulitate inozoak eta fantasia ustelak deserrotu behar ditugu. Dena, gure pentsamenduak eta sentimenduak, antolakuntza eta egitura sozialak, harremanetarako harresiak, dena, ezbaian jarri; eta begiratu ea desberdintasun eta dominazioaren zama areagotzen duten edo berdintasun eta elkarrekiko zaintzaren eta bizitza askearen indarra areagotzen duten. Aukeratu beharra dago: heriotzaren (zehatzago oraindik erailketaren) isiltasun derrigortua edota bizitzaren hizkuntz askea. Adibidez? Publizitatea da desira nekrotikoen agerpen lizuna. Desira nazkagarrien ekoizpen fabrikak. Colgateren anuntzio inozo bat ikusten ari nintzela nire buruarekin harritu nintzen. Honela zioen: “¿Tiene usted la boca llena de bacterias? No se preocupe. Colgate eliminará todas las bacterias de su boca”. Hori entzun eta sutan jarri nintzen, etxean nengoen, suabe baino oihuka: “Colgate hiltzaile!”. Izan ere bakteriorik gabe ezin gara bizi… Desiragarria da… errepasa dezagun gure desio guztiak, gure desioen sistema! Petrolioaren eta koltanen jabe izateko Irak-Afaganistan edo Ruandako gerra bat egitea justifikatzen bada, Amazonia suntsitzea progresoaren ikurra bada, nola ez du Colgatek bakterio guztiak akabatuko!
Biodibertsitatearen galera eta hizkuntzen galera eskutik doaz. Lehena bizitza biologikoaren kolapsoa da, bigarrena giza gogoaren kolapsoa da. Eta biodibertsitatea ezinbestekoa bada bizitzaren iraupenerako, hizkuntz-kultura aniztasuna ezinbestekoa da gizakion hitzegiteko ahalmenaren iraupenerako. Horrela bada, hala nola Lur planetako biodibertsitate biologikoa ezinbestekoa den bizitza beraren iraupena bermatzeko, modu berean gizakion munduaren hizkuntzen aniztasuna eta bizitasuna ezinbestekoa da hitzegiteko ahalmenaren iraupena bermatzeko. Biodibertsitate biologikoaren eta aniztasun linguistiko kulturalaren defentsa batzea ezinbestekoa da: Natura osasuntsua eta Giza-Gogoa osasuntsua, ahalegin beraren bi aldeak dira.
…Eta jarrera bat. Jorge Riechmann, beste lan askoren artean, “ekosozialismo oinuts” liburua idatzi zuen eta Ecologistas en Accion eta Extincion Rebelión mugimenduko partaide da Madrilen, eta duela hilabete batzuk mugimendu horren ekintza batean atxilotua izan zen. Ametsak ditu baino ametsak-egitea da bere ahalegina. Babeleko Dorrean gaude, Nahasketaren Dorrea. Bizitzaren hizkuntza eta hizkuntz aniztasunaren bizitza dira Horroreen Dorre hori eraisteko tresna printzipalenetako bat.
Joseba Barriola – Alternatiba