Gure kide Josu Estarronaren hitzartzea Eusko Legebiltzarrean, kultura babestu beharra hizpide.
EH Bilduk akordio zabala sustatu du Legebiltzarrean eta, EAJ eta PSErekin adostu bezala, Parlamentuak kultura premia biziko ondasun gisa izendatu du, gizartean duen garrantzia onartuta. Josu Estarronak ohartarazi duenez, gaurko akordioa ezin da adierazpen hutsal batean geratu, oinarri bat izan baitaiteke kulturgintza eta kultur industria agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeko eta norabide zehatz batean eraikitzen jarraitzeko”.
Zentzu horretan, akordioak ekarri behar dituen ondorio praktikoak azpimarratu ditu EH Bilduko legebiltzarkideak. Hala, EAJk eta PSEk “kulturara bideratzen diren aurrekontu publikoak gutxienez mantentzeko” konpromisoa hartu dute eta, autokritika inplizitua eginez, ados agertu dira, Estarronak planteatu bezala, kultura babesteko neurri berriak abiatu eta orain artekoak birmoldatu beharrarekin.
Horren beharraz jabetzeko aski da ikustea zer gertatu den Lakuako Kultura Sailak pandemiaren ondorioak arintzeko martxan jarri zuen kulturgileentzako laguntzen programarekin. Estarronak azaldu duenez, laguntza horiek ordaintzera bideratutako aurrekontuaren %20 baino gutxiago gastatu da. “Argi geratu da Jaurlaritzak ez duela asmatu”.