Hamar urte beteko dira laster Bilboko Arenaleko emozio uholdea proiektu politiko bihurtzen hasi ginenetik.Gertakari hura Logroñoko kartzelatik jarraitu nuen eta, zinez diotsuet, Arenaleko emozio eta indarra gure ziegetara heldu zela. Ibilbide zail bezain eder honetan, gure gorabehera guztiekin, hainbat lorpen garrantzitsu lortu ditugu Euskal Herriarentzat. Baina oraindik asko dago egiteko. Oraindik ere bidea egin behar dugu, gure helburu politikoak erdiesteko. Helburu horiek egikaritzeko bidelagun asko ditugu, baina zenbat eta gehiago izan, orduan eta baldintza hobeagoetan egongo gara gure helburuak lortzeko.
EH Bildu gure herriko ezkerreko subiranista eta indepedentista guztien etxe komuna izateko helburuarekin jaio zen. Etxe horren zimenduak ondo sustraituak daudela erakutsi dugu azken urteotan. Gero eta gehiago gara proiektu honekin bat egiten dugunak. Ezkerreko independentisten etxe komunaren familia eta komunitatea handitu egin da azken urteotan.
Gero eta gehiago gara, eta gero eta gehiago izango gara. Herri honek hitza eta erabakia eduki ahal izateko, berdintasunean oinarritutako euskal jendartea eraikitzeko, euskal herritarrak zaindu eta babesteko, bakea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko, ingurumena zaindu eta errespetatuko duen herria izateko… Gero eta gehiago gara eta izango gara, guztion artean Euskal Herria aske, berdinzale eta hobe bat eraikitzeko. Hori guztion artean egin beharra daukagu. Guztion artean lortuko dugu herri honi hitza eta erabakia ematea, berdintasunean oinarritutako Euskal Errepublika erdiesteko.
Egiten ari garen bidean, beste jauzi bat emateko unea iritsi zaio ezkerreko subiranisten etxeari. Dakizun bezala, EH Bilduk Kongresua egingo du hurrengo udaberrian. Gure etxea errotzeko, zabaltzeko eta handitzeko balio behar du gure kongresuak. EH Bilduren kongresuan zu zara protagonista, zurea da hitza eta erabakia. Zuk erabakiko duzu egiten ari garen eta egin behar denaren bidearen norabidea. Zuk egingo duzu indartsu eta handi EH Bildu. Zuk lagunduko duzu EH Bildu gure herriak behar duen tresna politiko eraginkor eta sendoa egiten.
Horrexegatik luzatzen dizut Bilkide izateko gonbite hau: guztiok protagonista izango garen proiektu honetako kide nahi zaitugu, zure iritzi, bozka eta proposamenik gabe ezin daitekeelako Euskal Herriak behar duen ezker independentista osatu. Etxe hau osatu eta erakunde honetan militatzen dugun guztiok baikara beharrezko eta garrantzitsu.
Herritik jaio eta herria garelako, egin zaitez Bilkide.
Sar zaitez ondorengo orrialdeetan: http://elkarrekin.ehbildu.eus o http://ehbildu.eus
Arnaldo Otegi Mondragon
EH Bilduko koordinatzaile nagusia