Gure Alternatibako kide eta EH Bilduren batzarkide Claudia Venceslao, eta EH Bilduko zinegotzi Rocío Viteroren prentsaurrekoa Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sinatutako akordioa salatzeko. Akordio honek beste atzerapen bat ekarriko du Gizarte Zerbitzuetako lau eremu handietan. Horrek ondorio larriak izango ditu udalaren aurrekontuan; izan ere, milioi bat euro baino gehiago jasotzeari utziko dio batetik, eta, bestetik, adinekoentzako 139 egoitza-plaza publiko kenduko dira.
Bi erakundeek akordio bat sinatu dute, 2024ra arteko atzerapena ekarriko duena Gizarte Zerbitzuen Legean ezarritako betebeharrak betetzeari lotua, eta eskumenak ezartzen dituen Zorroari buruzko Dekretuaren bidez gauzatzen dena. Akordio berriaren arabera, bazterkeriak, Etxeko Laguntza Zerbitzuak, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak eta CIAM San Prudentzio egoitzak beste atzerapen bat izango dute eskumenak beren gain hartzeko orduan, eta horrek arreta eta eskaintzen duten zerbitzua murriztuko ditu.
“Ezerk ez du justifikatzen eskumenak behin eta berriz ez betetzea, eta are gutxiago 4 urte gehiagorako itxaronaldi berri honek, gainera, 2028ra arte beste ez-betetze bat aurreikusten du. Arduragabekeria horrek eragin zuzena du pobrezia egoera larrian dauden pertsonen eta adinekoen arretan”, adierazi du EH Bilduko zinegotzi Rocio Viterok.
Bazterketa-egoera larrian dauden pertsonak artatzea (gaur egun 300 pertsona inguru) Foru Aldundiak burutzen ez duen bere eskumena da, eta atzerapen berriaren ondorioz, bere gain hartu gabe jarraituko du. Are gehiago, gaur egun, egoera horretan dauden pertsonentzako arreta-zentrorik ere ez du. Gauza bera gertatzen da SMUSean, nahiz eta foru-erantzukizuna izan, udal-aurrekontuaz eta foru-aurrekontuaz elikatzen da baina, udalak kudeatzen du.
EELZ-ri dagokionez, udal-eskumenekoa da kudeaketa, baina bi erakundeen artean banatuta dago: udaletik artatutako kasu arinak (0-1 graduko mendekotasuna) eta aldunditik artatutako kasu larriak (2-3 graduko mendekotasuna). Hori dela eta, atzerapen berri horrek erabiltzaileei egoera jasanezina luzatzea dakar, ordaintzeko eta arreta emateko ezarritako irizpideengatik. Gainera, 0-1 mailetarako balorazioak eten egin dira urtebetez.
Baina, gainera, akordio horrek kalte ekonomikoa dakar Udalarentzat; izan ere, Foru Aldunditik milioi bat euro baino gehiago jasotzeari utziko dio CIAM San Prudencio eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren truke, eta, era berean, Eusko Jaurlaritzatik 250.000€ baino gehiago jasotzaeri ere, Zorroari buruzko Dekretua ez betetzeagatik.
Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak azaldu duenez, akordioaren ostean, CIAM San Prudentzioko erabiltzaileak Arabarren artatuko dituzte, oraindik abiatu ez dituzten lanak amaitzean. Eta are gehiago, gaur egun 139 plazetatik (99 egoitzakoak eta 40 eguneko zentrokoak) 104 baino ez dira okupatzen ari. Hau da, 35 plaza publiko erabiltzeari uzten diote adinekoak plaza pribatuetara bideratzen diren bitartean. “Oso larria da, baina arduragabekeria haratago doa, akordio horrek jasotzen baitu, itxaron zerrenda egon arren, ez direla plaza libreak beteko. Eta azken hiru legegintzaldietan plaza publikorik sortu ez dela ziurta dezakegu”, kritikatu du Venceslaok.
Beste horrenbeste gertatzen da eguneko zentroko eta asteburuko plazekin: ez dira plaza guztiak betetzen, aurrekontua jaitsi da eta plaza horiek zentro pribatuek hartuko dituzte beren gain, desagertu arte. “Beste behin ere zaintza lanak esku pribatuetan eta aseguru medikoen enpresa handietan uzten direla ikusten ari gara. Arduragabekeria eta akats izugarria da zaintzak pribatizatzea, ez dadila inor engainatu, horrek esan nahi baitu, zaintzak prekarizatzen eta lan baldintzak kaskartzen ari direla, eta publiko eta kalitatzekoak izan beharko liratzkeen zaintzak, gutxi batzuen irabazietan bihurtuko direla”, gaineratu du Venceslaok.
Gainera, eta Viterok azaldu duenez, CIAM San Prudentzioko 40 langilek baino gehiagok euren lan egoera argitu gabe dute. Udalaren titulartasuneko espazioa dena, egun, Aldundia ari da kudeatzen. Hau da, udal-langileak dira foru-eskumeneko zerbitzuak ematen dituztenak. Langileek askotan salatu dute beren lanpostuetarako konpetentzien gorabehera horrek dakarren ezegonkortasuna. Eta orain, akordioaren ondoren, gutxienez 4 lanpostu ezabatuko direla jakin berri dute. Gainera, ezegonkortasuna areagotu egin da langileen kontratuak otsailera arte luzatu direla eta hurrengo hilabeteetan, ekainera arte, kontratu guztiak berrikusiko direla jakin ostean.