Datorren martxoaren 2an, Kultur Alternatibak “Ekonomiaren uberizazioa: XXI. mendeko esklabotza” lemapeko hitzaldia antolatu du Iruñean. Bertan, errealitate hau gertutik ezagutzen duten hizlarien eskutik, aztergai izango du Glovo, Deliveroo eta Uber Eats bezalako enpresek ekonomia kolaboratzaile gisa mozorrotzen duten lan baldintzen prekarizazioaren urrats berri hau. Izan ere, “Riders” ezizena duten autonomo faltsuen lan baldintzak esklabotzatik hurbil daude.
Hain zuzen ere, banatzaile hauek egunerokotasunean pairatzen duten errealitate gordina islatuko duen dokumental labur batekin hasiko da hitzaldia. Langile hauek baliabide guztiak jartzen dituzte –txirrindulak, kotxeak, denbora, osasuna…- eta erraldoi digitalek haien zerbitzuengatik kobratzen dute, bitartekari bezala app soil bat jartzen dutela.
Ondoren, ahots desberdinek, prekarizazio mota berri honen paradigmari helduko diote, beste lan irtenbiderik ez duten gazteak, eta maiz, lan merkatuan are aukera gutxiago duten etorkinek pairatzen dutena. Horrela, hizlari lanetan izango dira: UPV-EHUko irakasle Andrea de Vicente, kontratazio digital mota honen zirrikitu ilunez arituko dena. Bestetik, LABeko kide Berta Garciak lan-prekarietate mota horren aurkako borroka sindikalaren gakoak aztertu ditu, eta, azkenik, Klemen Celestino GLOVOko langileak rider gisa bizi duen egoeraz hitz egingo digu.
Ekitaldia datorren martxoaren 2an, asteartea, egingo da 18.30etatik aurrera Iruñeako Katakrak espazioan, Kale Nagusiko 54. zenbakian. Sarean ere jarraitu ahal izango da, Alternatibaren Youtubeko eta Facebookeko perfiletatik.
COVID-19 neurriak: Online eskainiko bada ere, Aurrez aurre joateko aukera egongo da osasun neurri guztiak betez. EZINBESTEKOA DA LEKUA GORDETZEA prentsa@alternatiba.net