Alternatibako Feminismo Mahaiaren adierazpena Martxoaren 8 honetan.
Pandemiaren osteko lehenengo Martxoaren 8an gaude, eta pandemiaren kudeaketa patriarkal eta neoliberalak gogor astindu ditu gure bizitzak, aurretik genituen desberdintasunetan sakonduz. Arazoa ez da pandemia, sistema baizik. Hori dela eta, M8 honetan kalera irtengo gara berriro, lan handiko eta borroka nekaezineko urte hau aldarrikatzeko eta aitortzeko. Etorkizun duin eta justu bat izan nahi badugu, gure gizarteak eta munduak premiaz behar duten eraldaketa lantzen eta eskatzen jarraituko dugu. Feminismoa inoiz baino beharrezkoagoa da krisiak kudeatzeko eta zaintzak erdigunean jartzeko.
Azkenaldiko erronkarik handienei aurre egin behar diegu, eta eragina izateko eta aldaketak gauzatzeko dugun gaitasuna funtsezkoa izango da gehiengo sozialaren bizitzarako; batez ere, ahaztuak, ikusezinak, diskriminatuak, zapalduak eta bortxatuak direnentzat: emakume arrazializatuak, pobreak, adinekoak, transak, etxeko langileak, sasoiko langileak, indarkeria matxista jasaten dutenak eta presoak, besteak beste.
Gero eta gehiago gara gure eskubideen aldeko borroka honetan, emakumeok zapalkuntza anitzen bidez menderatzen gaituen eredu hau zalantzan jarriz. Orain, inoiz baino gehiago, bat egin behar dugu, elkar ezagutu, zubiak eraiki gure artean, eta aliantzak ehundu kapitalismoa eta patriarkatuari aurre egiten dioten borroka desberdinekin.
Anitzak eta askotarikoak gara; ez gaituzte isilduko eta ez diogu borrokatzeari utziko. Ez digu beldurrik ematen errespetatzen ez gaituen eta bere pribilegioa mantentzen jarraitzeko zapaltzen gaituen sistema bati aurre egiteak. Ez dugu jarraituko prekarizatuak, salduak, erailak, behartuak, sexualki esplotatuak eta kalera irteteko beldur direnak izaten.
Gaur, berriz, ASKI DA esango dugu, eta elkarrekin egingo dugu.
Manifestatzeko eta kaleak betetzen jarraitzeko eskubidea erabiltzera dei egiten dizuegu emakume guztiei: bete dezagun beti ukatu zaigun espazio publiko hori.
Ez dugu tutoretzarik nahi, ezta aitzakiarik ere, M8 honetan gure mobilizatzeko eskubideak urratzeko erabakien aurrean; ez diogu men egingo eskuinak egiten duen kriminalizazioari, horren beldur zigortuko gaituztelakoan. Presioen aurrean ez dugu amore emango, ez dugu atzera egingo, ez gaur, ez inoiz. Ez dugu gure borrokaren zilegitasuna ahaztuko. Kaleetara ateratzen jarraituko dugu, eta M8 honetan elkar zainduz eta osasun-neurriak kontuan hartuta aterako gara kalera. Aldarrika dezagun eta zaindu gaitezen.
Zapaltzen jarraitu heinean gero eta gehiago izaten jarraituko dugu. Feminismoaren gizarte-eraldaketaren hazia geldiezina delako. Udaberria loratzeko garaia denean bezala. Prest gaude eta gure momentua da. Ez dugu atzera pausorik emango.
Gora Borroka Feminista!
Gora Martxoak 8!