Datorren martxoaren 30ean, Alternatibak “Burujabetzaranzko praktikak” izeneko hitzaldia antolatu du Deikaztelun (Nafarroa). Bertan, egungo sistema kapitalistaren ordezko ekoizpen eta kontsumo bi eredu jarriko dira mahai gainean, Lizarra eta Gares herrietan sortuak.
Subiranotasuna eraldaketarako tresna bezala baliatuta, justuagoa, jasangarriagoa eta berdintasunean oinarritutako gizarte baterantz igarotzea ahalbidetuko digun eredu ekonomiko eta soziala defendatzeko beharraz eztabaidatuko da.
Lehenik, Plazara! proiektuaren sorrera eta honek elikadura subiranotasunarekiko eta hurbiltasunezko produktu ekologikoekiko duen apustua ezagutu ahal izango dugu. Horretarako, Koldo Leoz Garciandia Lizarrako alkatearen partehartzea egongo da, Udalak horrelako proiektuen alde egiten duen apustua azaltzeko. Aldi berean, proiektuaren ekoizle Miren Lizasoain Baleztenak, ekoizle taldearen eguneroko funtzionamendua eta aurre egin beharreko erronkak azalduko dizkigu.
Jarraian, Gares Energia kooperatibak energia-subiranotasunaren alde iturri berriztagarrien bidez egindako apustua hurbilagotik ezagutzeko aukera izango dugu. Oihan Mendo Goñik, Gareseko alkateak, horrelako apustuei aurre egiteko udal eremutik gainditu behar diren erronkak azalduko dizkigu, eta Alfonso de Goñi Busto kooperatibako kideak, honelako proiektu bat lortzeko eguneroko lana eta onurak plazaratuko ditu.
Ekitaldia martxoaren 30ean ospatuko da arratsaldeko 18: 30etan, Deikaztelu herriko Joaquín Madurda Gizarte Etxean.
Informazio gehiagorako: nafarroa@alternatiba.net