Gure Alternatibako kide eta idazle Joxe Iriarte ‘Bikilari’ zuzeu.eus-en egindako elkarriketa berriki biolentziaren inguruko “errelatoaz” zenbait burutazio jasotzen dituen liburuaren argitalpenaren harira.
Zergatik halako liburu bat idaztea?
Alde batetik, ETAren amaierari buruz inposatu nahi den diskurtsoarekin ez nago ados. Esate baterako, ñabardurak ñabardura, konstituzionalistek egiten dutena: gatazka delakoa, demokrazia eta talde terrorista baten arteko historia izan dela, zeinean azkenean demokraziak irabazi duen. Baina demokrazia MADE IN SPAINek, sortzez zuen ahuldade demokratikoaz haratago ile asko utzi ditu itsatsita katazuluan: partidu legea, kodigo penal berria, legedi antiterrorista, mozal legea, eta abar…
Horretaz gain nago ETAren espektroa, Cid Campeador-ena bezala, zenbait esparruetan gerra zelaian erabilia izango dela; norbaitek etekina atera asmoz, hain zuzen.
Literaturan, esate baterako. Aspaldiko salaketa da Euskal Gatazkari buruz gutxi eta ahots apalaz hitz egin dugula euskal idazleok, eta oso modu lotsatian idatzi. Lelo hori gezur borobila izan arren, bozgorailu interesatuen ahotik mila aldiz errepikatu ondoren, topikoa bihurtu da. Horrez gainera, borroka ideologikoa hor dirau: esate baterako Patria eleberriarekin. Zein aberri salatu nahi du izenburu horrekin Aramburu jaunak? Euskal (aberria) Herria! Terroristek euskal aberriaren defentsan justifikatzen baitituzte hilketak.
Alabaina, ez da aipatzen zenbat odol isuri den Espainako Estatuaren (aberriaren) alde! ETAk euskal aberriaren aldarria kakaztu omen du baina, dirudienez, Guardia Zibilak espainiar aberriarena ez.
Bestalde atentzioa eman dit, EAJ-k, azken mendi erdiko historiaren inguruan sortu berri duen Errebisionismoa, zeinak esaten duen: ETAren sortzea inoiz gertatu behar ez zen zorigaiztoko gertakizuna izan zela.
Pentsatzen dudan bezala diot. ETA (eta denboran zehar izandako zatiketak) unean uneko testuinguru eta jardueraren arabera epaitu behar da. Hasieran zer izan zen eta geroago zertan bihurtu zen. Galdetu beharko litzateke zergatik Burgosko epaiketan auzipetuak heroi gisa izan ziren aintzakotzat hartuak eta zergatik beraien salbazioa bihurtu zen Europa osoko protesten helburu? Harez geroztik, Moralitatea eta estrategia, egia da, aldatuz joan ziren. Hasieran nabari ezinezko moduan eta geroago jauzika.
Bi hitzetan azaldu beharko banu mami hori, Joseba Sarrionandiak “Bizitzea ez al da oso arriskutsua“-n dionarekin egingo nuke:
Estatu arrazoia. Makiavelok argi esplikatu zuen Estatu defendatu behar dela justiziaz eta injustiziaz, gupidaz eta krudeltasunez, loriaz eta lotsagarrikeriaz.
Estrategia arrazoia, Estatu arrazoiaren kontrako borrokan, ideia berean oinarritzen da. Helburuaren aldeko estrategian, ez direla zertan haintzat hartu eskubide indibidual edo kolektiboak. Irabaziz gero lortuko litzatekeen balizko askatasun handiaren parean, gainerakoak txikiak direla eta bitartean, estrategiaren zerbitzuan, askatasun konkretu guztiak baldintza daitezkeela.
Baina, gu, bestelako askatasun alde errebelatzean, jendearen eskubide eta askatasun konkretuen alde geunden, ez?” Galdera horrekin bukatzen du, eta nik baiezko borobil bategin erantzun diot liburuaren zahar. Bideak eta helmugak elkar loturik daude.
Auzia, hemendik aurrera, ez da jadanik bide politiko-militarren edota bide soilik politiko legalen artean hautatzea; baizik eta askapena nazional eta sozialaren estrategiaren ingurukoa, ikuspegi feminista, antikapitalistatik edo ekosozialistatik begiratuta (eta bloke eraldatzailearen osaketa); eta horrek zer ikusteko handia du, adibidez, aliantzen gaiarekin eta indarrean dauden instituzioekiko jarrerarekin, eta batez ere mobilizazio herritarrari ematen zaion pisua eta garrantziarekin.
Garaia da bide berri bati hasiera emateko, «aterabidea» izango dena, Kataluniarenarekin “kalko eta kopia” ezin izango dena, baina, antzeko ezaugarriak izango dituena: Euskal Errepublika sozialaren aldeko herri mugimendu indartsu eta auto-eratua ardatz izango duena; zeinak, kaletik zein erakundeetatik (daudenak eta sortu beharko direnak) bultza egingo duena; eta, lehenago edo beranduago, Estatuarekin talka egin beharko duena.
Irakurri zuzeu.eus-n