Gure Alternatibako kide eta EH Bildu Arabako batzarkide Claudia Venceslaok martxoaren 2ko 16/2021 Foru Agindua eguneratzeko eskatu dio Arabako Foru Aldundiari adineko pertsonentzako egoitza eta etxebizitza komunitarioetako bisitak eta irteerak murrizten dituelako. Asteartetik aurrera, Araba eta Gasteiz eremu gorrian sartu zirenetik, zentro horietako zuzendaritzak mugatzen ari dira egoitzetan eta etxebizitza komunitarioetan bisitak eta irteerak.
Batzarkideak, irizpide argirik gabe eta txertaketa kontuan hartu gabe hartu dutela erabakia azpimarratu du. “Familien arteko nahasmena izugarria izan da; izan ere, ez da ulertzen, egoiliarren immunizazio handia izanda, Araba eta Gasteiz gune gorrian egon ziren azken aldian hartutako neurri berak hartzen ari direla, orduan oraindik hasi gabe baitzeuden adineko pertsonei eta langileei txertoa jartzen”, azaldu du EH Bilduko batzarkidea Claudia Venceslaok.
Venceslaok gaineratu du egoitza bakoitzak oso modu desberdinean interpretatzen duela ordena bera. Hala, egoitza batzuetan, irteerak eta bisitak bertan behera utzi dira; beste batzuetan, irteerak onartzen dira, baina bisitak pertsona bakar batengana mugatzen dira, edo irteerak onartzen ez dituzten beste batzuk, baina bai bisitak. “Berriro ere ikusten dugu adinekoek eskubide desberdinak dituztela bizi diren zentroaren edo etxebizitzaren arabera” salatu du EH Bilduko prokuradoreak.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuaren agerraldia eskatuko du, honako hau azal dezan: “zergatik urratzen diren berriro egoitzetan bizi diren adineko pertsonen eskubideak, zergatik ez den foru agindu hau eguneratzen eta zergatik ez den kontuan hartzen da egoitzetan eta etxebizitza komunitarioetan txertoa jartzea, eta zergatik aplikatzen diren irizpide ezberdinak zentroen arabera”.
Venceslaok senideen “larritasuna eta mina” nabarmendu ditu, berriro ikusi dutelako nola hartzen diren neurri “bortitzak” adineko pertsona horientzat, hala nola isolamendua eta irteteko debekua, batez ere urtebetez pandemia jasan duten “eragin fisiko eta psikikoaren” ondoren.
EH Bilduren ustez, txertaketak beste egoera bat ireki behar du. “Kontuz eta erne egonda ezin dugu onartu erakunde publikoek berriro ere pertsona zaharrak txotxongilo gisa tratatzea, eta egoitzak zeharo itxita egotea. Gure adineko pertsonak zaindu behar ditugu, eta euren azken hilabeteetan edo urteetan kalitatez, duintasunez eta familiaz inguratuta biziko direla bermatu behar dugu”, esan du Venceslaok.
Irakurri ehbildu.eus-n