Alternatibak pasa den apirilaren 18an Irungo mugan izandako eritrear jatorriko gazte baten heriotza deitoratu du, eta Europar Batasuna eta bere migrazio politikak herri gipuzkoarrean gertatutako krimenaren erantzule gisa seinalatu ditu.
Bere buruaz beste egin izana, migratzaileek Europan eta bere mugetan jasaten duten dramaren eta gordintasunaren isla da. Bazterturiko bizitzak, giza baldintza ankerrez eta eskubide funtsezkoenen debekuaz markatuak. Gerretatik eta gosearengandik ihesi, Afrikatik Irungo mugara iristen diren pertsonen egoera krudela da, poliziaren kontrol zorrotzei eta hesi gaindiezinei aurre egin behar baitiete, haien existentzia zama jasanezina bihurtuz.
Egoera honek asko eta asko erabaki etsiak hartzera behartzen ditu, eta eritrear gaztearen heriotza horren froga da. Orain bere heriotza deitoratzen dugu, baina ez da nahikoa. Ezinbestekoa da neurriak hartzea horrelakorik berriro gerta ez dadin, mugak irekitzen eta migratzaileei beren bidea egiten uzten hasita. Herrialde aberatsen eta herrialde pobretuen arteko berdintasuna gauzatu behar dugu, behingoz herrien arteko desberdintasun sozial eta ekonomikoekin amaitzeko.
Zentzu horretan, Alternatibatik pertsona orok munduan askatasunez ibiltzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu, jatorria edo egoera ekonomiko-soziala edozein dela ere, eta bizitza duina izateko eskubidea, non pertsonak kapitalaren gainetik egongo diren, eta ez alderantziz. Horregatik, Irungo San Juan plazan 18: 00etan “Irungo Harrera Sarea”-k gaurko deitu duen mobilizazioarekin bat egiteko deia egiten dugu. Inor ez delako legez kanpokoa, ireki ditzagun mugak!