Astearte honetan, apirilak 27, Joxe Iriarte Bikilaren saiakera politikoa aurkezteko hitzaldi sorta abiatuko dute Alternatibak eta beste hainbat eragilek Euskal Herrian zehar. Eman Zesarri Zesarrena izenburupean, Euskal Herrian hamarkadetan bizi izan ditugun indarkerien gaineko “errelatoari” bere ekarpena egin nahi izan dio Bikilak, urteetan idatzitako iritzi artikuluen bilduma plazaratuta, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen eskutik. Lehen aurkezpena Bilbon egingo da eta, ondoren, hitzaldiak Errenteria-Oreretan (A29), Donostian (M4), Altsasun (M11), Iruñean (M12), Arrasaten (M14) eta Gasteizen (M27).
Hedoi Etxarte kazetariak, liburuari hitzaurrea egin diona, ederki laburtu du saiakera: “Iriarteren liburu honek baditu hiru ardatz: indarkeria orokorra, indarkeria zehatza eta munduaren eraldaketa. Pieza diferenteekin osatutakoa da (atal batzuk aurrez publikatu ziren, beste batzuk berriak dira) beraz bada konpilazio bat eta bada ekarpen berri bat. Liburuaren kezka nagusia irakurketa historikoa da. Ibilbide politiko bat egiten du garaiz garai, estrategiaz estrategia ETAk ze ibilbide egin duen eta bera non kokatu den ibilbide eta estrategia horiekiko. Beraz bada, zentzurik onenean, bizitzako zikloaren amaieran, militante batek atzera begira beti garrantzitsu jo duen gai baten inguruan egiten duen irakurketa bat”.
Joxe Iriarte Zabaleta ‘Bikila’ (Orereta-Errenteria, 1945) 19 urte zituela hasi zen militantzia politikoan, ETAn eta CCOOn. 1966an atxilotu zuten lehen aldiz eta handik urtebetera klandestinitatera pasa zen. 1970ean ETA VI. Asanbladaren buruzagitzan parte hartu zuen eta Liga Komunista Iraultzailearen sortzaileetako bat izan zen. 1976ko Amnistiarekin herrira itzuli zen. 1990ean, LKI eta EMKren arteko fusioan parte hartu zuen. Zutik-eko kide gisa Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zuen 1998an eta Gipuzkoako batzarkide aukeratu zuten Euskal Herritarrok-ekin 1999an. 2011n Gorripidea alderdiaren bozeramailea bihurtu zen 2015ean Alternatiban sartu arte. Egun, alderdi honetako Koordinakunde Nazionaleko kidea eta EH Bilduko militantea da.
Hainbat liburu argitaratu ditu, besteak beste: ¿Los obreros tienen patria? (1991, Gakoa); Orereta, herri borrokalari baten historia (1996, L.Elberdinekin); Borrokaren gorrian (2001, Txalaparta); Ekaitz aroa (2001, Txalaparta). 2016koa da bere aurreko azken lana, Kamaradak eleberria (2016, Txalaparta). Horrez gain, hedabide ugarietan iritzi artikulu eta saiakerak argitaratzen ditu maiz.
Liburua zenbait liburudendetan eros daiteke, hala nola Elkar katean, Donostiako Kaxildan edota Iruñeko Katakrak-en. Horrez gain, Txalaparta-ren webgunean eta BERRIAren dendan eskura daiteke, baita Alternatibaren egoitzetan Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Intxorta 1937 elkarteari zuzenean erosteko, azkenik, idatzi haien posta elektronikora.