Eta horrela UNESCOk (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako Nazio Batuen Erakundeak) izendatu du egun hori. 2005. urtetik birziklapenaren eguna ospatzen da, batez ere, gizarteak eta gizakiok gure hondakinak hobeto kudea ditzagun. Erakunde horrek hezkuntza eta pedagogia erabiltzen ditu kontzientzia sustatzeko, eta nolabait ingurumena zaindu behar dugula konturarazteko, ordezko planetarik ez daukagulako. Beraz, planeta urdin hau zabortegi bihurtu nahi ez badugu, gure ohiturak aldatu beharko ditugu; bestela …
Horrexegatik, hiru jarrera hauei garrantzia eman behar diegu: Murrizteari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari, sortzen eta erabiltzen ditugun hondakinekin zerbait egin beharko genukeelako. Soluzioa ez da zabortegi edo erraustegi batera eramatea; gaur egun onartezina da arrazoi desberdinengatik, baina, batez ere, hondakin gutxien kutsatzen duena sortzen ez duguna delako.
MURRIZKETA. Askotan, gehiegitan entzuten dugu herritarrok egin dezakeguna hutsala dela. Baliteke gutxi izatea, ikatza edota petrolioa bezalako erregai fosilen kontsumoa lehenesten duten enpresa kutsatzaile handiekin konparatuz gero, baina zerbait bada, eta gure harea-pikorrekin kontzientzia hondartzak egiten ari gara. Leku guztietara gure kotxearekin joaten ez garenean, plastikoaren erabilera gutxitzen dugunean edo erosketan ahalik eta bilgarri gutxien izan dezala kontuan hartzen dugunean, lortzen ari gara gure aztarna ekologikoa gutxitzea.
BERRERABILI. Erabili dugun edozer gauzari beste erabilera ematen diogunean, bere erabilera luzatzen dugu. Beraz, zabortegira edo, okerragoa izan litekeena, erraustegi batera iristea atzeratzen dugu. Horren ondorioz, edozer objektu gero eta gehiago erabiltzen badugu, zabor gutxiago sortzen dugu; aldi berean, naturari egiten diogun mesedea da sortzen ez dugun zaborraren tamaina baino handiagoa. Gainera, berrerabiltzen duguna ez dugu erosi behar; hortaz, gure poltsikorako beste onura bat.
BIRZIKLAPEN. Esan daiteke hori dela hirugarren urratsa ingurumena ez kaltetzeko. Oso nabarmena da edozer aktibitatetik gehiago edo gutxiago baina hondakina sortzen dugula, baina lehen saiakera izan behar da hondakin hori zabor ez bihurtzea. Zergatik desberdintzen ditugu hondakina eta zaborra? Jakina da hondakina birzikla daitekeela, zaborra ordea ez.
Zer egin behar dugu gure hondakinak zabor ez bihurtzeko? Gure iritziz, garrantzitsuena da gure hurbileneko politikariek, Udalek eta Mankomunitateek (gure hondakinak kudeatzeko eskumena dutenek), hondakinak ez batzeko behar diren baliabideak jartzea. Hondakin bakoitzak bere bidea dauka, eta bere kudeatzeko modua; adibidez, organikoarekin konpost egin daiteke, baina horretarako zabor inpropioarekin ez da nahastu behar; erabilitako papera eta kartoia birziklatu ahal dira eta prozesu sinple bati esker paper berria lor daiteke; plastikoarekin gauza berbera egin daiteke, zatitu eta plastikozko ontzi berriak egin daitezke. Aurrekoa esanda laburbilduz, gure hurbileko instituzioei esan behar diegu hondakin kudeaketa zuzenagoa izan behar dela, eta lan horretan helburu nagusi bat egon behar da, gure zaborraren kantitatea ahalik eta txikiena izan dadin.
Alderdi politikoak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza derrigortu beharko genituzke ingurumenarentzat alternatiba faltsuak eta kaltegarriak izaten direnak baztertzera; batez ere, erraustegia eta kontrol gabeko zabortegiak, enpresek kudeatu arren. Oso nabarmena da Zaldibarko zabortegiaren kasuan eta han zer eta nola gertatu ziren gertaerak. Hori guztia ere gure erantzukizuna da!
P.D. Esaten dugunean derrigortu hitza, esaten dugu instituzioak gure zerbitzurako daudela, eta ez aldrebes.
Piter Encinas eta Igor Urizar Arrasateko Ekologistak Martxan erakundeko kideak