Alternatibak, EH Bilduren erakunde politiko sortzailetariko bat, Oinarrizko Errenta Unibertsalaren proposamena aztertuko du datozen egunetan Donostian eta Gasteizen gaiaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten hizlari adituekin. Solasaldien azken helburua egitasmo honen atzean utopia edo errealitatea dagoen hausnartzea izango da, are gehiago, Covid-19aren testuinguru sindemikoan gaudenean.
Lehenengo hitzordua Donostian izango da, bihar asteartea, ekainak 15, 18:30ean, San Jeronimo kaleko Kriptan. Bertan, Julen Bollain ekonomialariak hartuko du parte. Bollain hedabide ugarietan ikus eta entzun dezakegu, ez bakarrik finantzen gaurkotasuna, baita politika sozialeko albisteal aztertzen ere. Manoli Etxeberriak ere parte hartuko du, EAEko Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Herri Ekimen Legegilearen talde sustatzaileko kidea da bera; eta Igor Arroyo LAB sindikatuko kideak itxiko du mahaia, errenta horrek negoziazio kolektiboan izango lituzkeen ondorioetan sakondu ahal izateko, besteak beste.
Bigarren saioa ekainaren 21ean izango da, 19: 00etan, Gasteizko Aldabe Gizarte Etxeko areto nagusian. Aipatutako Manoli Etxeberriaz gain, Daniel Raventos Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea eta Oinarrizko Errenta Sareko presidentea ere izango da bertan. Horrez gain, Endika Perez LAB sindikatuko Gizarte Ekintzako idazkariak ere azalduko du bere ikuspegia solasaldian.
Hitzaldia sarrera librekoa izango da aretoen edukiera bete arte, Covid-19aren aurkako neurriek baldintzatuta.