Egunotan, LGTB harrotasunaren egunaren atarian, mota guztietako ekitaldiak antolatuko dira. Horietako askok jaia ikusarazi nahi dute, gorputz desiragarrien erakusketa, eta, aldi berean, logika kapitalistatik diru-iturri ez diren kolektiboak ikusezin bihurtuko dituzte. Bollerak, trans* pertsonak, prekarioak, ezinduak, arrazializatuak, eroak, migratuak… ez dira gonbidatuta egongo memoria galarazteko asmoa duten ospakizunetara, disidentzia-mugimendu baten izaera politikoa deuseztatzeko sortuak baitira.
52 urte igaro dira Stonewall-en bollerak, marikak eta, batez ere, emakume trans arrazializatuak poliziaren etengabeko jazarpen eta xantaiaren aurrean matxinatu zirenetik: gertaera horrek lehenagoko eta ondorengo urratsa eman zuen LGTBI pertsonen borrokan. Halaber, 42 urte igaro dira 1979ko ekainaren 10ean polizia batek Antonio Vicente Santa Maria, Francis, Errenteriako diskoteka batean trabestia izateagatik hil zuenetik. Gure Stonewall txikia.
LGTB pertsonenganako gorrotoaren eta indarkeriaren gorakada areagotzen ari da. Gorroto diskurtsoak kaleetan eta parlamentuetan gertatzen dira. Etsaitasun-, seinalatze- eta faltsutze-giroa sortzen dute interes politiko eta mediatiko jakin batzuek, batez ere trans* pertsonen aurka. Trans* pertsonen eskubideak giza eskubideak dira, eta inolako zalantzarik eta mugarik gabe aitortu eta babestu behar dira.
Borrokatu zutenen, borrokan ari direnen eta borroka egingo dutenengatik. Stonewalleko neon argiek piztutako disidentziaz ari gara, letra larrietan idazten den horietakoa, heterosexualitatearen arau zurrunekin apurtzen duena, eta disidentziarik gabeko memoriarik ez dagoela aldarrikatzen duena.
E28 honetan Euskal Herriko kaleak beteko ditugu berriro, ozen eta argi esateko haien fobia eta gorrotoaren aurrean: transmarikabollo disidentzia eta erresistentzia!