Alternatibako kide eta EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronak, Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkidearekin batera salatu duenez, ETS-Euskal Trenbide Sareak, hau da, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikitako erakunde publikoak, eta Sener Ingenieria y Sistemas enpresak iruzur egin zuten, ustez, lehiaketa publiko batean aipatutako enpresa horri 1,2 milioi euroko kontratu bat esleitzeko. Fernandez de Betoñok eta Estarronak ezagutzera eman dituzten zantzuen arabera, bi aldeek kontratuaren esleipena aldez aurretik hitzartu eta prestatu zuten, ETSk lehiaketa publikora atera baino lehen.
https://twitter.com/ehbildu_legebil/status/1413105421943025665
Estarronaren hitzetan, “kasu hau oso larria da, frogatuko bailuke CNMC-Merkatu eta Lehiaren Batzordeak berriki zigortu dituen iruzurrezko praktikak hedaturik daudela kontratazio publikoetan, administrazio, instituzio eta arduradun politiko batzuek praktika horiek ezagutzen dituztela eta konnibentzia dagoela nolabait”. Bere iritziz, “frogatuko luke enpresa batzuek harreman pribilegiatuak dituztela Jaurlaritzarekin, eta honek horren arabera kontratatzen dituela enpresa batzuk ala besteak; modu horretan lehiaketa publikoak formalismo eta itxurakeria hutsa izango lirateke. Hau da, lehiaketa horien helburua ez litzateke aukera berdintasuna, gardentasuna eta lehia askea bermatzea, kontratazio prozesuari legezko itxura ematea baizik, den-dena hasieratik erabakita eta lotuta dagoelako, enpresak lehiaketara aurkeztu aurretik ere”.
Zehazki, EH Bilduk atzemandako ustezko iruzurraren helburua EAEko Trenbide Sarearen Azterlana idazteko laguntza zerbitzuaren kontratazioa zen. Kontratu hori pasa den otsailaren 2an atera zuen ETSk lizitazio publikora 1,5 milioi euroko aurrekontu batekin eta hiru egun geroago EH Bilduko bi legebiltzarkideek Gasteizko notaria batean egiaztatu zuten “lizitazio horren baldintza teknikoen pleguaren izenburua ‘Contrato Sener’ dela eta pleguaren egile gisa agertzen diren inizialak-edo bat etor daitezkeela Sener-eko langile baten izen-abizenarekin. Antza, PDFaren metadatoak ezabatzea ahaztu zitzaien eta dokumentuaren propietateetan argi agertzen da informazio hori”.
Zantzuak ikusirik, otsailaren 8an Fernandez de Betoñok eta Estarronak notaria berean ohartarazi zuten “pentsa zitekeela, bat, Euskal Trenbide Sareak lizitazioa ‘ad hoc’ diseinatu zuela Sener kontratatzeko; bi, esleipen irregular baten aurrean egon gintezkeela eta, hiru, horrek lehiaketa publiko guztietan bermatu behar diren berdintasun, gardentasun eta lehia askearen printzipioak urratu zitzakeela”. Izan ere, “baldintza teknikoen pleguaren PDFaren metadatoen arabera, kontratua Sener-ekin aldez aurretik hitzartuta zegoelako susmoa argia da, kontratazio prozesuan lehia oztopatzeko, murrizteko edota faltsutzeko”. Fernandez de Betoñok erantsi duenez, “zantzu guztien arabera, lizitazioaren baldintza teknikoen plegua ez du Euskal Trenbide Sareak egiten, Sener enpresak baizik, eta hori hala gertatu bada, ez da batere normala, berdintasun printzipioa urratu eta abantaila ematen diolako konpainia horri gainontzeko enpresekin duen lehian”.
Guztira, sei enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikora eta, irizpide objektiboak kontuan hartuta, lau enpresak Sener-ek baino puntuazio hobea lortu zuten arren, irizpide subjektiboak aplikatuta, ETSk Sener kontratatzea erabaki zuen 1,2 milioi eurotan. Bi aldeek ekainaren 18an formalizatu zuten kontratua eta, hala, berretsita geratu ziren EH Bilduk lau hilabete lehenago notarioaren aurrean adierazitako susmoak eta pronostikoak.
EH Bilduk galdera sorta aurkeztu du dagoeneko Legebiltzarrean, bai eta Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuaren agerraldia eskatu ere. “Arriolak azalpenak eman behar ditu derrigorrez, ETS bere Sailaren menpeko erakunde publikoa delako. Azaldu behar du nola den posible lehiaketa publiko batean baldintzen plegua, antza, enpresa batek egitea; zer nolako harremanak dituen enpresa horrekin; ea harreman horiek pribilegiozko harremanak diren; ea enpresa batzuek entxufea duten bere departamentuan edo praktika kolusorioak ezagutzen dituen bere departamentuan”.
Fernandez de Betoñok azpimarratu du ETSren kasu hau argitara ateratzen ari dela hain justu CNMC-Merkatu eta Lehiaren Batzordeak 22 aholkularitza kartel gisa aritzeagatik eta kontratu publikoetan iruzur egiteagatik zigortu ostean. EAEko administrazioei dagokienez, Iparraldeko Kartelak hala egin zuen gutxienez 100 kontrataziotan eta, “CNMCren arabera, sarritan administrazioak ere jokabide ilegal horiek ezagutu eta konnibenteak izan zirelako susmoak sendoak dira gainera”. EH Bilduko ordezkarien aburuz, Sener eta ETSren kasuak erakusten du praktika horiek erroturik daudela gure administrazioetan. “Uste dugu hainbatetan lehiaketa publikoetan Administrazioak aldez aurretik erabakitzen duela zein den kontratatuko duen enpresa, lehiaketa publiko guztietan bete beharrekoak diren berdintasun, gardentasun eta lehia askearen printzipioak urratuta. Are gehiago, praktika irregular horietan Administrazioaren eta enpresen arteko konnibentzia gradu bat ere badagoela esatera ausartzen gara”.