“10 herritarretik 7k gure etorkizuna erabaki nahi dugu: badago hori baino adostasun zabalagorik? Ez dugu uste, eta ozen eta argi adierazi dugu hori izango dela gure marra gorria: estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea izan behar du ardatz… Galdera dagoeneko ez da gure etorkizuna erabakiko dugun ala ez; galdera da noiz eta nola erabakiko dugun”.
Gure Esku Dago-k ateratako agiri bat sinatzeko deia jaso dut ordenagailuan. Goian aipaturikoa sinatzera animatzeko egiten duen gogoeta da. 10etik 7. Badago hori baino adostasun zabalagorik? Horixe baietz, lagunok. Bi zentzutan:
Batetik, aldekotasun horren “kalitatea” hobetu daiteke. Zer da, baina, kalitate kontu hori? Funtsezkoena.
– Aldekotasun horren motibazioa, lehenik. Erabakitzeko eskubidea eskatzen dugu guretzat eta espainiar guztientzat onuragarria delako. Erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenek (funtsean Kapitala eta Estatuaren egitura zurrunena, Komunikabide gehienak eta Eliza Katolikoaren goiko hierarkia) hemen eta Gaztelan, Andaluzian eta Extremaduran demokrazia ukatzen duten beraiek dira. Horiek dira aipaturiko herrialdeetako milioika herritar emigraziora bidali zituena. Horiek dira 36ko gerra amaitu eta gero arekak hilotzez bete zituztenak. Horiek dira gaur egun langabeziaren tasaren erantzule nagusienak. Horiek dira herrietatik sortzen den kultura mespretxatzen dutenak, turismorako amu gisa soilik erabiltzea bultzarazten dutenak eta lurraldea bera globalizazioaren negozioen interesen zerbitzura jarri dutenak.
– Aldekotasun horren ezagutza, bigarrenik. Zer ezagutu behar dugu, zer hartu behar dugu kontutan?
- a) Gaztelera hizkuntza, erabakitzeko eskubidearen aldarria egiteko erabiltzen dugun bakoitzean, ari garela gaztelera hizkuntza askatasunaren zerbitzura jartzen, hau da hizkuntza bera sendatzen.
- b) Erabakitzeko eskubidea dugun herritarrok, bakoitzak bere historia propioa duela, eta agian, sufrimendu batzuen memoria dela, eta sufrimendu horiek arindu eta herritar guztion ekarpenak goraipatu behar ditugula.
- c) Ezagutu behar dira ere eskubide honen kontrakoen sasi-argudioak. Ez sasiak direlako, afektibitatearen (segurtasunaren, beldurraren, harrokeriaren…) klabeak ukitzen dituztelako, eta sasi-argudio horiei aurre egiteko eraginkorrak diren harresiak komunitate zentzua (adiskidantza, elkarrekiko zaintza, amankomuneko egitasmo bizigarriak…) lantzen dituztenak dira.
– Aldekotasun horren ekinbidea, hirugarrenik. Ondo dago EAEko eta Nafarroako parlamentuen oniritzia, babesa jasotzea. Ez dago gaizki. Baina giltzarria ez da hori. Giltzarria da herri sendo, lasai eta emankorra eraikitzea. Jadanik erabakimena praktikatzen hasten den herriaren eraikuntza. Ez da soilik eskaera bat (hori ere bada!), baina areago joanda, gaur egun praktika daitekeen zerbait bada.
Kalitatearen bigarren zentzua da, gure esku dagoela eta ezin dugula beste inoren esku utzi, Espainiako Estatuko herritarrek erabakitzeko eskubidearen aldeko (gutxienez ez kontrako) jarrera izan dezaten lantzea. Mugimendu feministaren, ekologistaren, sindikalistaren, pentsionisten, antirrazismoaren, kultura askearen… nazio arteko harremanak (Kataluniarekin, Galiziarekin, Espainiarekin, Frantziarekin, Portugalekin, Italiarekin…) izan daitezela, gaur egun, guk geuk antolatuak, izan daitezela erabakitzeko eskubidearen praktika erreala, gaur egungoa. Eta ahal den gehienetan elkartasuna zaindu. Altsasuko gazteen esperientzia aberatsa izan da alde horretatik. Mar Menor Bizia kanpainak, kasu, merezi du elkartasun zabala.
Guzi honekin, niretzat sobran dago amaieran egiten den galderaren (“galdera da noiz eta nola erabakiko dugun”) lehen partea.
Noiz? Auskalo. Joango gara ikusten noiz den unerik egokiena. Auzia ez da okasioa pasatzen ez uztea. Auzia da nola sortzen dugun okasioa. Eta horren erantzuna da:
Nola? Hortaz doa gogoeta honen muina. Izan ere, arrakasta ez dago orainatik aparte. Orainean baizik. Orain lantzen eta ereiten dugu arrakasta ekarriko duten harremanak, egiturak, loturak, entusiasmoa. Horretarako, orain da garaia.
Joseba Barriola – Alternatiba