Gaur goizean Alternatibako Koordinakunde Nazionalak kurtso politiko berrirako erronkak eta lehentasunak ezartzeko bilera egin du.
Alternatibaren ustez, aurrean dugun garai honetan borroka izango da nagusi, herritarren gehiengoaren eskubideen defentsaren eta eliteen pribilegioak blindatzearen artekoa, hain zuzen. Horregatik, ezkerrak, Euskal Herrian ere, politika sozialen aldeko bloke herritar bat eraikitzeko gai izan behar du; eskuindarrek, moderatuek zein muturrekoek, aldarrikatzen duten autoritarismoaren olatuaren aurrean harresia izango dena.
Gure ekintza politikoak oinarri sendo bat dauka: ez dugu onartzen ohikoa dena normaltzat edo naturaltzat hartzea. Hala, desberdintasun sozialak edo bidegabekeriak ezin dira besterik gabe onartu. Bilboko gazte prekarizatuen kolektiboaren leloak dioen bezala, “No es lo que hay, Ez da dagoena”, eta horregatik, gure plangintzaren baitan posiblea denaren esparruak gainditu edo, gutxienez, zabaltzea dago, ezeri uko egin gabe.
Krisi-testuinguru batean, jakina, arriskuak daude, baina baita eraldaketarako aukerak ere. Pandemiaren aurreko normaltasunera itzultzea helburu dutenen tentazioaren aurrean, orain, inoiz baino beharrezkoagoa dugu eztabaidatzea, borrokatzea eta mobilizatzea.
Alternatiba sortu zeneko ardatzetako bat zen zapalkuntza-sistema guztiei aurre egitea, borroka bat bestearen aurrean lehenetsi gabe. Ideia horri uko egin ez baina, ezin dugu alde batera utzi klima-aldaketa larrialdi handienetako bat bihurtu dela, itzulerarik gabeko puntu batera hurbiltzen ari garelako, ez bakarrik Euskal Herrian, baizik eta mundu osoan. Trantsizio energetikoa, beraz, eraldaketa sakonagoak aldatzeko palanka izan daitekeen eta izan behar duen lehentasuna da.
Arlo horretan, politika publikoak errotik aldatu behar dira. 9 urte falta dira berotegi-efektuko gasen isuriak %55 murrizteko 1990. urtearekiko, eta gure datuak oso larriak dira. Europako Batasunak isurketak ia heren bat murriztu dituen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan, 30 urtetan %11 baino ez dira jaitsi; eta Urkullu lehendakaria denetik % 1 baino ez. Propagandaren aldean, hauek dira datuak.
Gure ekoizpen-eredua eraldatu eta eguneratu behar dugu, bizitza erdigunean jarriz beti. Izan ere, onartzea kosta egiten bazaigu ere, gure gizarteak ez du behar fabriketatik gero eta auto gehiago ateratzea; aldiz, zaintza duina gero eta gehiago behar ditu, biztanleriaren oso geruza desberdinetan, eta pandemiak agerian utzi du hori. Ezin dugu beste aldera begiratu.
Ikusi dugu nolako odolustea utzi duen birusak gobernu arduragabeek esku pribatuetan utzi dituzten egoitzetan, eta atzo bertan jakin izan genuen Osakidetzak detekzio-zerbitzuak gelditzeagatik bi mila tumore ez dituela antzeman. Bi adibide dira, milaka artean, bizitza duindu eta zerbitzu publikoez hornitu nahi duen gizarte batek normalizatu ezin dituenak.
Neurri batzuk, azkenean, agenda politikoetan azaltzen hasi dira, baina gauzatzea lortu beharra dago orain. Lanaren banaketa (ez soilik enpleguarena), 4 eguneko lanaldia, gutxieneko soldataren igoera Hego Euskal Herriaren parametroen arabera, pentsio publikoen defentsa… Ahaztu gabe ezin dugula ekonomia suspertu langileen prekarietatearen kontura. Neurri horietako asko eztabaida-iturri izango dira gure kanpaina eta jardunaldietan, kalean zein Euskal Herria Bildun proiektatu nahi ditugula.
EH BILDU
Eta, jakina, ezin dugu gure ekintza politikoaz hitz egin aipatu gabe ezkerreko subiranisten elkargunea, EH Bildu, duela hamar urte abian jarri genuena beste alderdi politiko batzuekin batera. Bihar bertan, Donostian, EH Bilduk Konferentzia Politikoa egingo du, bi mugarri izango dituena: plan Feminista eta hezkuntza-itun berri baterako proposamena.
Feminismoa egungo proposamen emantzipatzailerik garrantzitsuena dela uste dugunez, Alternatibatik pozik hartzen dugu EH Bilduk plan feminista bat onartzea bihar. Erakundearen ibilbide feministan aurrera egiteko mugarria izango da, oinarrizkoa baita alderdi politikoak despatriarkalizatzea eta begirada feminista proposamen ororen parte izatea. Horregatik, espero dugu EH Bilduren militantziak, tartean gaudelarik, Plan Feminista aho batez babestea.
Alternatibaren Koordinakundeak, halaber, euskal hezkuntza-ereduari buruzko eztabaida abiarazteari garrantzitsua deritzo. Inork ezin baitu zalantzan jarri soziologiko, ekonomiko eta demografikoki oso desberdina den gizarte batentzat duela hamarkada batzuk ezarritako sistemak eguneraketa behar duenik. Gure apustua izango da euskal eskola publikoaren defentsa, denona eta denontzat, herritar guztiena eta gizarte osoaren zerbitzura dagoena, interes pribatuen mende ez dagoena, baliabide nahikoak dituena eta inolako bereizkeria edo bazterkeria onartzen ez duena. EH Bilduren etxe komuna sortu genuenetik egin dugun bezala, gure ahalegin eta konpromiso militante guztia jarriko dugu bihar aurkeztuko den proposamen honetan gure ideiak txertatzeko.
Bilera amaitzeko, berretsi egin dugu Alternatibaren funtsezko eginkizuna, EH Bilduren inguruan osatutako ezkerreko hegemonia subiranista hori zabaltzen jarraitzeko. Herri honetako eliteek beldurra diote mugimendu politiko honi, COVID-19ren krisiak eredu sozioekonomikoaren mugak azaltzeaz gain, gobernantzaren eredu klientelarrak, pribilegioak eta urte luzeetan errotutako inertziak ere agerian utzi dituelako.
Alternatibatik, ahaleginak egingo ditugu sare sozial, politiko eta herrikoi bat eraikitzeko, gehiengo gisa, indar erreakzionarioek euskal langileriaren aurka egiten duten edozein ahalegin geldiaraziko duena. Gure bizitzetan agertzen diren mehatxuen aurrean, gai izan behar dugu sektoreak, borrokak eta jendea batzeko, oraingoan “ez dira pasako” lema bete dadin.