“Iragana ez zegoen hilda, iragana ez zegoen iraganda”. Joseba Sarrionandiaren azken eleberrietako baten hitzak dira, “Kolosala izango da” liburuan ageri dira, eta gaur egun azaroaren 20 guztietan erraietan mugitzen zaigun guztia iradoki lezake. Sarrionandiak mobilizazioa sustatu du Bilbon, Edurne Brouard (Santiren alaba) eta Elena Bartolomé (Josu Muguruzaren bikotekidea) lagun dituela, beste batzuekin batera, gure kide Juan Puerto kasu… eta kolosala izateko eskatzen digute.
Egun horretan, Alternatibako lagunok elkar ikusi nahi dugu, eta kaleetan bat egin ezker subiranistako milaka militanterekin batera. Memoria ariketa bat egin nahi dugu, ez ahazteko ezkerretik eraikitzen ari garen Euskal Herri hori guztia, baita pandemiaren hilabete hauetan guztietan ere, eta baita beti suntsitu nahi izan dutenen aurrean ere, ahantzarazi nahi gaituztenen aurrean. Azaroaren 20an Bilbon egon nahi dugu, ozen esateko hil ezin izan zuten langileen eta erre ezin izan zuten sorginen alabak eta bilobak garela, eta gogorarazi nahi diegu izan zirelako garela, eta garelako izango direla.
Eliteen aurrean, izateko eskubidea ukatzen digutenen aurrean, arlo publikoaren espoliatzaileak, ultraeskuindarrak edo etorkizuna errausten dutenen aurrean, gure KONPROMISOA erakutsi nahi dugu herri aske, justu, feminista, ekologista, antifaxista, internazionalista, euskaldun eta baketsu batekin. Berriro bat egin nahi dugu inoiz belaunikatu ez den Euskal Herri borrokalariarekin, bizitza erdian kokatu eta gorrotoaren aurka egiten dutenekin. Izan, egon, sufritu, maitatu, gozatu, hil, hitz egin, larrua jo, zaindu edo pentsatu nola egin behar dugun oihukatzen digutenei aurre egingo diegu.
Azaroaren 20an Bilbon izango gara, iragana buruan, geroa eskuan.