Irungo Harrera Sareak etengabe salatu du Irunera Bidasoaren bestaldera igarotzeko ahaleginean heltzen diren migratzaileen egoera, euren bizitza arriskuan daudelako. Eta tamalez, berriro ere ikusi da ez direla salaketa hutsak. Igarotzean zegoen beste migratzaile gazte bat itota hil da Bidasoan. Aurten zazpigarrena hildakoa dugu ahalegin horren ondorioz; hiru pertsona itota, beste bat bere burua urkatua eta beste hiru trenak harrapatuak. Etenik ez duen tragedia honek, migratzaileen egoera salatzeaz gain politika migratzaile hilgarrien gainean jarri behar du jopuntua. Mediterraneoa, Atlantikoa, Bielorrusia eta Poloniaren arteko muga…. Europara heltzea herio bidaia da. Herrialde aberatsenek, pobreen egoeraren erantzule zuzenak izateaz gain, edozein pertsonak bizitza duina bilatzeko duen eskubidea ukatzen dute. Gizateriaren kontrako politika hauek kapitalaren jokabide hilgarriaren beste adibide bat besterik ez dira, Europa gotorleku bat bihurtuz pertsona txiroentzat, gerrako errefuxiatuentzat edo beren herrialdeetan emakume edo LGTBI izateagatik jazarriak direnentzat. Orain Bidasoa bihurtu da Europa barruan herio pasabidea.
Irunera egunero heltzen diren migratzaileek jasaten duten egoera benetan tamalgarria da: kale gorrian lo egin beharra eta instituzioek harrera egiteko bitartekoak nahikoak ez izatea. Instituzio publikoek, aiene zurietatik aparte ekimen benetan eragingarriak abian jartzeko ahalegin handirik ez dituzte egiten; aitzitik batzuk besteri pilota pasa ari dira, elkarlan eza eskumenen aitzakiarekin ezkutatuz. Ezin dugu onartu behin eta berriz ohartarazi den egoeraren aurrean instituzio publikoen jokaera hau. Ez dira onargarriak kexa hutsak, jendeak harrera gutxieneko bat ziurtatzen ez zaion artean. Ez da onargarria, pertsona migratzaileak heriotzaraino euren burua arriskuan jartzea, instituzio publikoen aldetik hitz eta pitzetan galtzen diren artean. Bidasoa pasabide segurua bihur dadin muga zabaldu behar da, Estatu frantziarrari exijituz ezarri duen dispositiboa behin betirako bertan behera utz dezan; eta hori heldu bitartean harrera politika eraginkor eta duina behar da, egoera arriskutsuak eta hilkorrak ekidinez, igarobidean dauden migratzaileen gutxieneko beharrak betez.
Bien bitartean, herritarren elkartasun mugimenduak eredu bihurtu dira instituzioek betetzen ez duten lana eginez, pertsonen arteko solidaritate ezinbestekoaren balorea erakutsiz, pertsona migratzaileen egoera euskal jendartearen ardura izan behar duela aldarrikatzen. Gizatasunaren aldeko borrokak elkartasuna du oinarri. Pertsona guztien bizitza duin baten aldarriak egiten gaitu libre. Muga guztien gainetik, mundu aske eta solidarioa helburu.
Joxemari Carrere – Alternatiba