Kalean da dagoeneko Alterkaria 16, Alternatibaren paperezo aldizkariaren ale berria, hemen eskuragarri duzuena.Esperientziaren ahotsa duintasunarena da orain. Hala esan dugu behin baino gehiagotan, azken 4 urteotan, pentsio publiko duinen aldeko borroka txalotzeko mezuetan. Lelo bat baino askoz gehiago da, izan ere, egun oinarrizkotzat ditugun hainbat eskubide sozial lortzeko duela hamarkadak matxinatu zirenak, publikoaren kontrako enegarren lapurreta geldiarazteko asmoz itzuli dira borrokara.
Tamalez, aurreko belaunaldiek borrokatu zuten guztia arriskuan dago berriz ere, sistema harrapakari honen menpe. 68ko maiatzeko galtzada-harrien azpiko hondartza zapaltzen ahalegindu zirenen suspertzeak, agian, Galeanok aipatzen zituen su txikien itsasoak pizteko balio dezake. Azken finean, tximeleta baten hegaldia munduaren beste aldean igarri daitekeen bezala, agian Txilen Allenderen zumardi handiak berriz irekitzeak Che Gueverari sarritan egotzitako ideia hura gogoraraz diezaguke, galtzen den borroka bakarra lagatzen den hori dela.
Ezkerreko erakundeetan militatzen dugunok balio ikaragarriko altxorra dugu, askotan oharkabean pasatzen zaigun arren: jaio ere egin ez ginenean mundu hobeak amesteko barrikadetan aritzen zirenekin lubakia partekatu ahal izatea. Bizitza, esan zuen poeta batek, egiten dena baino ez da; beraz, egin duten guztiagatik, balio dezala Alterkariaren zenbaki honek, ez bakarrik Begoña omentzeko, azalean dagoela, baita Bikila, Miren, Juan, Iñaki, Maixu eta bidea seinalatu zuten beste hainbat arima matxino eta beteranoak omentzeko ere. Izan zirelako gara.