Alternatibak zaintzaren atzean dagoen negozioa aztertuko du otsailean Ahoztar Zelaieta ikerlari eta kazetariaren eskutik, “Residencias SA, el negocio de los cuidados en Euskal Herria” (“Erresidentziak SA, zaintzaren negozioa Euskal Herrian”) bere azken liburuaren aurkezpenarekin. Lan honetan zaintzaren pribatizazioa jorratzen du, nagusiki eskrupulurik gabeko multinazionalen esku dagoena, zerbitzua mekanizatuz eta lanak prekarizatuz errentagarritasun handia lortzea helburu dutela.
Zelaietak sare klientelarrak eta sektoreko legez kanpoko praktiken berri ematen du, fikziozko izenekin bada ere, benetako pertsonen jarduera hizpide, erresidentzietako zaintzaren errealitatea ikustarazteko. Horrez gain, administrazio publikoaren ardura ere jorratzen du, zerbitzua benetan eskaintzen dutenak direlako, EAJren -eta PSEren- erantzukizun jakinak eta hauek sektoreko enpresekin duten harremana azaleraziz.
Egoitzetako lan-gatazka betirakoizango da? Hori al da gure herrian nahi dugun zaintza eredua? Ba al dago alternatibarik? Ziklo hau Basaurin, Hernanin eta Irunen egingo da, galdera horiei eta beste batzuei erantzuten saiatuko gara Ahoztar Zelaietarekin batera.
Lehenengo hitzaldia Basauriko Pozokoetxe kultur etxean izango da, 18:30etik aurrera. Hitzaldi guztiak sarrera librekoak izango dira aretoen edukiera murriztua osatu arte eta indarrean dauden osasun-neurriak betez.