Krisi klimatikoa eta trantsizio ekologikoa. Horiexek dira Alternatibak hilabete hauetan Nafarroan antolatu duen hitzaldi-zikloaren ardatzak. Lehenengoa Iruñean izango da, otsailaren 17an, “Trantsizio ekologikoa eta lanaren etorkizuna” izenburupean. LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek eta Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak hartuko dute parte, krisi klimatikoak lan-arloan dituen ondorioak eta beste ekoizpen eta kontsumo eredu batzuetarako beharrezko trantsizioa aztertzeko helburuarekin.
Hitzaldi sorta honekin Alternatibak, Euskal Herria Bilduko sortzaile eta kideetako bat, abian den ikasturte politikorako erronketako bati aurre egingo dio, datozen urte eta hamarkadetarako agenda sozial eta politikoa baldintzatuko duen ingurumen-egoera zailari buruz hausnartu, baina, horrez gain, krisi honen ondorioak identifikatu eta egoerari aurre egiteko moduari buruzko proposamenak ikusi nahian.
Igor Arroyok (LAB), Iratxe Alvarezek (ESK), Imanol Pascualek (ELA) eta Carlos de la Torrek (CCOO) parte hartuko dute hitzaldian, Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuarekin batera. Lau multzotan oinarritu nahi da eztabaida: ekoizpen-ereduen paradigma-aldaketa; digitalizazioa, industria-iraultza berri baten eragile gisa; ekonomia bideratzen ari den lan-merkatuaren ezaugarriak; eta sindikatuek sortzen ari den errealitate berri horren aurrean izango duten zeregina.
Lehenengo hitzaldia Iruñeko Caldereria aretoan izango da, datorren ostegunean, otsailaren 17an, 19: 00etatik aurrera. Hitzaldia jendearentzat irekia izango da, aretoa bete arte, eta indarrean dauden osasun-neurri guztiak beteko dira.
Hurrengo hitzaldietan bizitzaren jasangarritasuna edo Europaren finantzazioa bezalako gaiak aztertuko dira, betiere krisi ekologikoaren ikuspegitik. Horien xehetasunak, tokiak, hizlariak eta behin betiko datak datozen asteetan jakinaraziko dira.