“Arnas dezagun” ekimena azaroaren 27an aurkeztu zen. Ez nuen horren berri Argian “Ez sakabanatu haur euskalhiztunak” artikulua irakurri arte,
duela aste batzuk. Irakurri dut manifestua, ikusi dut zenbat babesle eta sinatzaile bildu dituen. Manifestuari buruzko nire gogoetak plazaratu nahi ditut.
Manifestuak aditzera ematen du larritasun bat, ezinegon bat, desio euskaltzale bat, urgentzia bat: eskoletan ere, euskararen gaitasuna eta erabilera behera doa. Azterketa soziolingusitikoek horrela diote. Biziberritu beharreko egoera. Ados. Baina iruditzen zait aztertu beharko dela aipatzen den egoeraren zergaitiak, ematen diren arrazoiak, ereiten den bizi-nahia eta egiten den proposamena: zein punturaino ez ote diren askitasun mailara iristen, ez ote duten bestelako (zuzenagoak diren) posibilitateak baztertzen, eta baita ere ez ote duen dokumentuak zirrikitu arriskutsuak irekita uzten.
1.- Zergatik hasi D ereduko irakasleei esker ona eta aitortza ematen? Eta ikastolak sortu zituzten guraso erdaldunei? Eta ikastolan euskaldundu diren haur jatorriz erdaldunei? Zergatik D ereduko irakasleei eta ez A ereduko irakasle eredugarriei (Adibidez Jon Etxabe, Burgosko epaiketan kondenatua, euskaltzale amorratua… A ereduan ibili zen irakasle, eta seguru nago Jon Etxabek euskararekiko amodioa (motibazioa) transmititzeko gai izan zela…) A ereduko irakasle euskaltzaleak mereziko lukete txalorik handienetako bat, eta ikastola askoren sortzaileak izan diren guraso (eta bereziki ama) erdaldunak.
2.- Azken urteotan, esaten da, “euskarazko gaitasuna eta erabilera maldan behera doazelako argi gorri guztiak piztu dira”. Ados nago, baina, orduan azaldu beharko da zergatik egiten zaie D ereduko irakasleei bereziki aitortza eta esker ona!
Eta ados nago “maldan behera doazela gaitasuna eta erabilera”, baina, honetan ere, besteen artean, bi gogoeta azpimarratu nahi dut:
a) Noiztik doa maldan behera? (Gogoratzen naiz 1975-1979 urteetan [1975-1979 urteetan Donostiako Ikasbide Ikastolako irakasle izan nintzen. Ikastola horretan jatorriz erdaldunak ziren haur dexente zeuden eta guraso asko donostiar erdaldunak ziren], errekreo orduan irakasle-andereino askoren esaera errepikatua zen: Euskaraz!. Haurrak (3-10 urte bitartekoak) erdaraz hasten ziren jolasten eta orduan, andereinoaren agindua: euskaraz!). Batzutan andereinoak sartzen ziren jokoan…eta orduan haurrak lasai aski eta pozik lerratzen ziren euskarara. Ikastola horretan jarri zen lehen aldiz martxan “Kaldereroen festa eskolarra, Amarako auzo guztian barrena “caldereros semos de la hungria” kantatzen giro guztiz euskaldun batean. Noski, andereinoak munduko emakume ederrenak ziren beren jantziekin eta gizonak kasi are ederragoak mozorrotuak…. eta dena euskara giro batean. Txabol Sotoa egiten genuen xoxak ateratzeko ikastolarako. Guraso guztien parte hartzearekin, eta gaztelera erabiltzen zen noski, baina giroa, Amara Auzoan, nobedade euskaldun bizi bat zen. Adibideak infinitoak dira, garai hartakoak eta oraingoak. Eta klabeetako bat azaltzen zaigu, nik uste, eta hauxe da: Jolastu haurrekin eskolan euskaraz, bihurtu jolas bat ikasgai guztiak, paso egin kurrikulumatik eta exijentzia ofizialetatik, bihurtu eskola bizitza apasionagarria, alaia, inoiz ez atentzioa deitu erderak erabiltzeagatik, baina bizipenak, oroimenean gelditzen diren bizipen atseginak, egon daitezela euskararekin lotuak, izan daitezela aldi berean euskararen bizipenak. Nire lagun batek, Joxe Mari Sanchez Carrion “Txepetx”-ek, idatzi zuen behin gogoeta psikopedagogikoak, eta horietako batean hauxe zioen:
“9.- Haurrak euskararekin bizipen atseginak bizi izan dituenean, funtsezkoa lortuta dago. Hizkuntzarekiko motibazio positiboa du eta hori izango da hizkuntzaren barna aurrera egiten bultzatuko diona. Hobe gutxi ikasi eta asko gozatu duen haur bat, asko ikasi eta gutxi gozatu duena baino.
Lehena, zulorik gabeko ontzia da: euskararekiko sortu duen erreferentzia positiboa dela medio, kasu guztietan, hiztunekiko begirunea izatera eramango du; eta kopuru garrantzitsu batean, euskararengan ikusiko dute izan nahi duten horren agerpena.
Bigarrena, aldiz, zuloz beteriko ontzia da: ikaste-prozesuaren sufrimenduen memoria negatiboak, hizkuntzak duen egoera sozial kaxkarrarekin batera, sorraraz dezakete motibazio negatiboa (urruntasuna edo aurkako jarrera)”.
Kontseilu baliotsua A, B, D, G eta MURGILTZE EREDU guztientzat. Agian hemen dago egoera larritik irtetzeko giltzarrietako bat.
b) Zer doa maldan behera? Agiriak dioenez maldan behera doaz “euskarazko gaitasuna eta erabilera”. Harrigarria egiten zait nola ematen zaion funtsezko garrantzia, ia obsesioa bihurtu den erabilerari, baita ere ezagutzari, eta nola askotan eta askotan ahaztu egiten den motibazioa. Agian, hor dago -motibazioan- korapiloa askatzeko giltzarria.
Gainera, (J. M Sanchez Carrion, Txepetx-en “Un futuro para nuestro pasado” liburuan bikain azaltzen den bezala) faktore horiei begiratzerakoan ahazten dela ontzi-komunikanteak direla, lotuak daudela, eta ezin dela adibidez, erabilera gehiagotu ezagutza gabe, baina baita ere erabilera behera badoa, ezagutza ere behera doala. Eta ondorioz motibazioaren gunea etsipenez, frakasu eta ezintasun sentimenduez, zaila izatearen argudio faltsuez betetzen da. Baina ezagutza eta erabileraren motorra, motibazioa da.
Eta aldi berean, harritzen naiz ikusita nola ez garen pasatzen azterketa kuantitatibotik eta neurri kuantitatibotik, kalitatea zer den ahaztu dugula emateraino. Azken finean, egiten den proposamenaren muina da zenbat (kantitatea) haur euskaldun eta zenbat haur gazteleradun/frantzesadun dauden nahasiak. Gazteleradunak eta frantzesadunak mehatxu bat al dira? (Nonbait kitxua, wolof, arabiera, errumaniera etabar mintzo direnak ez dira hain arriskutsuak euskararen garapenerako… hizkuntza horiek ez direlako euskararen lurraldean espezie inbasorak, eta toleratuak izan daitezke, eta haur hiztun euskaldunekin taldea osatzea onargarritzat hartzen da). Hau ez da horrela. Ez da kantitate kontua, ikasketa prozesuaren kalitatea kontua, bereziki motibazio kontua.
Hasteko, nire ustez, motibazioa da kontua. Motibazio naturala eta motibazio kulturala.
A) Motibazio naturala: euskararen erabileraren esperientzia bizigarri batetik abiatuz, euskara entzun eta erabiliz bizitako esperientzia atseginetan oinarritzen da. Etxean eta/edo eskolan, edo kalean esperimentatua. Esperientzia bizigarria bada, natural moduan atxikitzen doa ezagutza, eta bi elementu horiek erabilera atsegina eta ezagutza naturala txertatzen dira memorian bizipen gogoangarria gisa. Hori da motibazio naturala, aldi berean guztiz arrazionala eta guztiz emozionala eta guztiz bizitza atseginaren esperientzian, (gertatu delako), oinarritua. Haur guztiek dute holako esperientzietarako desioa.
Horren ordez, euskararekin egiten den esperientzia desatsegina bada (euskara aspergarria, euskara aprobatu beharreko zama, euskara errieta gaia, euskara afektibitate gabea, ezarritako asignatura egiten bazaio…), orduan motibazio negatiboa txertatuko zaio haur-gazteari (eta hau da haur-nerabe askoren kasuan arazo zentrala euskararekiko jarrerari dagokionez). osatzen joaten da.
B) Motibazio kulturala ez da arrazonamendu eder batzuk soilik, euskararen bizitzan jarritako inplikazioa ere bada. Demagun. Irakasleak edo gurasoek izan dezakete (ez da seguru) motibazio kulturala. Motibazioa da jarrera bat, erdigunean jartzen duena (haurrekiko harremanetan) euskararen garapen osasuntsua eta atsegina lortzea. Hau gabe, erdigunean baldin badago examinak gainditzea, agintariek jarritako halako nibela lortzea, nahi eta nahi gabe edota horretara forzaturiko ahaleginekin horrelako euskararen ezagutza maila eta erabilera portzentaia lortzea… orduan ari gara sortzen aldi berean bi efektu: euskararekiko estimazioa sariarekin lotzea (nota onak edukitzearekin) edota benetan emandako pausuak baliogabetzera (eskatzen den mailara iristen ez delako), eta azken honek kargatzen du haur askoren motibazio-gunea etsipenez, autodesestimaz, ezintasunez, eta nazkaz… Argumentu arrazional asko biltzen dira motibazio kulturalean (instrumentalak –adibidez lan postuak ziurtatzeko-, gure aurrekoek jasandako injustizia erreparatzea, identitarioak –euskaldunak gara–, gizadiaren aberastasuna, hizkuntzen berdintasuna…), baina ez hori soilik, badago ere bizimodu berri baten nahairekin loturiko bultzada, implikazio bat (amodioaren bultzada, gure aurrekoen nostalgia, bizimodu berri baten esperimentatzeko premia sakona…)
Zertara dator hau dena bergogoratzea? Euskarazko eskoletan egon daitezkeen arazoaren konponbidea ez dagoela funtsean kantitatean (zenbat haur jatorriz euskaldun eta jatorriz erdaldun), baizik eta euskararen ikaste prozesuaren kalitatean (zenbat gozatzen da euskaraz eta zenbat sufritzen da euskara dela eta). Hau da, zein punturaino euskararen esperientziak ukitzen duen norberaren bizitzaren atseginaren muina edo gelditzen den helduek ezarritako “inposizio” euskaltzalearen oroimen behartua. Orduan, zer doa maldan behera? Erabilera eta gaitasuna (ezagutza) baldin badoaz maldan behera, begiratu behar zaio nola dagoen motibazioaren lanketa.
3.- Ez da soilik eskolaren ardura, inondik ere… Edonola ere hezkuntza sistemak berebiziko eragina du haur eta gazteen hizkuntza ohituretan.
Ongi dago gogoratzea ez dela soilik eskolaren ardura. Bale. Ados. Baina gero esaten da “hezkuntza sistema berebiziko eragina du…”. Baina, akaso hezkuntza sistema ez al da, kritikatuz, azpimarratzen den “gizarte-jarduera gehienen” parte bat? Ez da aski dugun hezkuntza sisteman euskararen presentzia areagotzea, hezkuntza sistema osoak (eta ez soilik telebisioen mundua, edo “ekonomia”, edo publizitatea, edo politika hizkuntzida, edo “ohitura”) bultzatzen duelako euskarak duen presentzia hutsaren hurrengo balioa izatera. Legez ezarrita dagoen hezkuntza sistema, autoritarioa da (nahiz eta irakasle multzo handiago edo txikiago hezkuntza emantzipatzailearekin amestu eta urrats batzuk eman), inponitzen ditu gaiak, inponitzen du hizkuntzei buruzko ikuspegi babeliko bat (hizkuntza bakarra Jainkoa bezala izateko: Adimen Artifiziala), inponitzen ditu gaien arteko erlazioa eta hierarkia, inponitzen ditu ebaluazioak eta molde horren barnean irakasle-ikasle-guraso erlazio hierarkiko desorekatu bat, inponitzen ditu erritmoak eta betebeharrak, inponitzen ditu haur-eskolatik gora unibertsitateraino, merkatuaren eta estatuen zerbitzurako hezkuntza sistema… bizitzatik zeharo urrun, edo are gehiago, hizkuntzen biziraupena kolapsora daramana, naturaren bioaniztasunaren suntsipenara eramaten duen bezala.
“Hezkuntza sistemak berebiziko eragina du…”. Dudarik ez, baina gaur egungo hezkuntza sistemak, (irakasle saiatu askoren gogo eta ahalegin aurka), eragina hilkorra du. Aparte utz dezagun, GAFAM-en eta multinazional handien sistemek, komunikazioan (telebistan, sozialak deitutako sare digitaletan, hezkuntzaren programazioan…) duten eraginaren bidez, zer nolako indarra duten hezkuntza sistema beren interesen zerbitzura jartzeko orduan.
Galdetu dezakegu bada, zenbat haurrek duten mobila oso adin txikitatik hasita? Zenbat haur ikusten dute telebistan marrazki-bizidun koloretsu, heroi teknolatra indibidualez beteak, katastrofikoak nortasun gizatiarraren aldetik, erdera dominanteetan gehienak (ez wolof edo kitxuaz) eta euskarara itzulita dauden gutxi horietatik asko mezu berdintsuak hedatzen, munduaren salbatzaileak balira bezala presentatuak…? karga horrekin badoaz eskola euskaldunera… harritzekoa al da erdera nagusi horietara jotzea? Et horrela izan da: zein da osagai, medizina…? Bakarra ezagutzen dut nik eraso “ideologiko global” horri aurre egiteko: BIZITZAREN ESPERIENTZIA ATSEGINAK, SORTZAILEAK LANTZEA.
4.- Ezta D ereduko ikasgeletan ere…
Dokumentuan esaten denez “ ez dago erraza. Ezta D ereduko ikasgeletan ere”.
Ikastetxe askotan, “euskara etxetik dakarten haurren euskalduntzea, osatu beharrean, oztopatu egiten da”, “erdara nagusi delako jolas eta jantoki orduetan eta, sarri, baita klase barruan ere”. Zergatik hori? “Haur euskaldunak sakabanatuak izaten direlako?”.
Baina D eredu batean dauden haur guztiak ez al dira euskaldunak? Orduan nola sakabanatu haur euskaldunak baldin eta denak badira euskaldunak? Eta orduan esan beharko genuke haur euskaldunek baztertzen dutela euskara eta beste erremediorik ez dutela erdaraz jardun baizik? Eta inposible den sakabanatzearen ondorioz haur euskaldunak “integrazio edo onarpen arazoen beldur daudela?”. Nola den hori? Nork behartzen die euskara baztertzera? Haur gazteleradun edo frantzesdunak? Nork eragiten die beldurra eta esklusioa (integrazio eza) eta euskara-bizipen etsigarriak jasan arazi haur euskaldunei? Hau ez dago batere garbi. Ez al dira haur euskaldun petoak, hizkuntza aldetik, abantaila dutenak eskolako gauzak ulertzeko eta aprobatzeko? Edo esan nahi al da, eskola ez zaiela haurrei interesatzen eta interesatzen zaiona dela eskolaz kanpoko jolasa eta giroa? Hau ez dago batere garbi manifestuan.
5.- Aukerak eta D ereduaren helburu nagusia.
Zirriborratu den egoera horretan, esaten da, “haurrok ez dute euskaraz jarduteko aukerarik irakaslearekin ez bada”.
Oraingo D ereduko eskoletan ere, ez dute aukerarik? Baina D ereduan badaude eta ikaslekide guztiek euskaraz badakite, ezin da esan aukerarik ez dutela! Arazoa, izatekotan, beste bat da. Eta potoloa. Labur esanda: arazoa ez al da Hezkuntza Sistema orokorrak bizitza emantzipatu eta sortzailearekin duen etendura? Eta hezkuntza sistema honen menpe jardutea (dibertsio moduko gauzak erantsiz, baina menpe) ez dela nahikoa?
6.- Arnas gune funtzionalak.
Dokumentuan egindako diagnostikoaren haritik ez da harritzekoa irtenbide kuantitatibo eta desbideratua proposatzea. Arazoa ez da eskola euskaldunetan haur euskaldun, gazteleradun, arabieradun, wolofdun, frantzesadun, kitxuaeradun, etabarren… presentzia. Arazoa da hezkuntza sistema bera, eta inponitzen dituen objetiboak, kurrikulumak, erritmoak, konpetentziak, balioak, tituluak, ebaluazioak, eta pedagogia motak (Marina Garces-ek ohartarazten digu pedagogia ez dela metodologia bat, bizitzaren ikuspegi bat baizik) askotarikoak serioagoak edo dibertigarriagoak, autoritarioago edo liberalagoak….)… pak konpleto glotofagikoa.
Baina hortaz gainera:
Zer da arnas gune funtzionala? Haur eskalhiztunak aparte jartzea? Nola egin hori D eredu batean denak baldin badira haur euskalhiztunak? Nola haur euskaldunak elkartu… erdaldunak bazter utzi gabe? Nik ezagutu dut gela euskaldunenak eta gela erdaldunenak zituen eskola bat. Errez sortzen zen euskaldunen eta erdaldunen arteko lehia, ezinikusia etabar…
Ez da imaginazioan sartzen haur euskaldunek jatorri erdalduna duten haurrei euskara irakasten? Ezin da imaginatu irakasle magikoak (badaude holakoak) gai direnak liluratzeko haur ikasle guztiek nahi duten hizkuntzan?
Euskaldun izateko eskubidea errespetatzeko, haur euskaldunak ez dira elkarrengandik bereizi behar? Zer ikusteko du eskubidea, talde desberdinak osatzearekin? Zein eskubide dute haur erdaldunek?
Haur euskaldunen taldea osatzeko zergatik lehenetsi etorkinak? Eta ez espainolak edota frantzesak? Agian espainola da, baina bere gurasoek haurrak euskara ikas dezan gogo handia eduki dezakete? Edo bakarrik da wolof edota arabiera edota kitxua ez direlako euskarekiko konpetentziarik izango? Hau da, pentsa daiteke, nola wolof ez da eskolan entzungo, orduan euskara entzungo da. Baina wolof-ak ez al du lekurik euskal eskola batean? Batere lekurik ez?
7.- ANIZTASUNA, INKLUSIOA, ARDATZA ETA LOGIKA.
“Euskal Eskolan aniztasunaren eta inklusioaren ardatza euskara izatea bait da logikoena…”. Zein logika da hori?
Aniztasunaren eta inklusioaren logikan eskola batean dauden hizkuntza desberdinen hiztunak, kontsideratuak behar lukete izan. Adibidez: hizkuntza eta herri horien kulturaren berri emanez (hitzak, kantuak, jolasak, geografia, historia… adinaren arabera).
Aniztasunaren logikan, hizkuntza guztiak (gaztelera eta frantzesa barne) dira gizadiaren hizkuntz-aniztasunaren osagaiak. Hizkuntza bat eta bere inposizioa bereiztu behar dira. Sistemak burutzen duen inbasioa linguistikoak degradatzen du, lehenik, erabili duen hizkuntza (gure kasuan gaztelera eta frantzesa). Hala gertatu zen Amerikako Konkistarekin: gaztelera (eta bide batez esanda euskara ere) degradazioaren maldan behera abiatu ziren: gaztelera gorroto eta arrokeriaz kutsatua, eta euskara anemiara kondenatua (Merezi du aztertzea Amerikako Konkistak zer eragina linguistikoa izan zuen euskararen herrian).
Aniztasunaren eta inklusioaren izenean euskara ardatza izatea posible da, gaur egun, D ereduko eskola batean? Manifestuak zalantzan jartzen du posibilitate hori… Baina orduan aniztasunaren eta inklusioaren ardatza baldin bada, zerbait egin beharko da beste hizkuntzak estimuz eta balioetsiz aurkezteko. Adibidez, naturalidadez hartuz beste hizkuntzetan esaten diren gauzak, elkarrizketak etabar…
Baina euskara izatea aniztasunaren eta inklusioaren ardatza… Hori ez da euskararen “derecho de nacimiento” bat, lurralde honetan izan delako hitzegindako lehen hizkuntza etabar… Ardatza izatea ez da aldez aurreko titulu bat, lorpen bat baizik eta erantzunkizun bat. Lorpena, herri guztia euskarara hurbiltzen eta errotzen ahalegindu garelako eta lortu dugulako. Eta erantzunkizuna, aniztasunaren ardatza izatea beste hizkuntzekiko jarrera osasuntsua lantzea eskatzen duelako.
Joseba Barriola – Alternatiba
Zuzeun argitaratua