Langilea naiz, behartsua, pobre-pobrea eta nola ez naiz osasun publikoaren alde egongo? Nolatan ez? Baina, eta hemen BAINA bat letra larriz jarri behar dut, eta ez da matxisten edo arrazisten baina bezalakoa. Nire asmoa hausnartzea da zer nolako osasun publikoa daukagun eta nola eraikitzen ari garen. Gaixorik banago, edo zerbait arraroa ateratzen bazait azalean, edo larrialdietara joan behar badut eta mila proba egin behar badizkidate nire erantzuna beti ondorengoa izan zatekeen: OSASUN PUBLIKOA. Beti beharginei eskerrak emanez, beti prest eurek esaten dutenerako, beti, beti, beti oso otzana eurek zekitelako eta niri irakatsi zidatelako ez nekiela deus zer jazotzen zitzaidanari buruz.
Hala eta guztiz ere, psikiatrizatu ninduten eta dena aldatu zen. Nire lehenengo droga-saltzailea psikiatra zen 20 urte nituelarik eta drogaren mendera erorarazi ninduen. Horrek gogorarazten dit Julia Robertsen pelikula bat “Ben bueltan da” izenekoa. Filma oso txarra da eta ez dizuet gomendatzen, baina eszena batean ama katoliko batek esaten dio alzheimerra daukan mediku zahar bati berak espero zuela hil zedin, psikiatrak bere semea txikitatik antsiolitikoz bete zuelako. Ba ni ama hori naiz. 20 urterekin antsiolitikoen mende egonarazi ninduten, baina gero antidepresiboak etorri ziren, oso dosi altuetan, gero antipsikotikoak eta antiepileptikoak, litioa eta abar luze-luze bat. Nitaz barre egiteko Sarrikoko Britney Spears-a naizela esaten dut, Sarrikokoa eta txiroa. Nire gogoz kontra medikazioa (asko) eman didate, informaziorik eman gabe, jakina, legearen aurkakoa izanik. Psikiatra bat ni ospitaleratzea saiatu zen, nahiz eta nik hamaika aldiz errepikatu ezetz, ez nuela nahi. Berak izapideei ekin zien, bide periferikoa zainetan ipini eta proba anitz egin zizkidaten, besteak beste, beharrezkoak ez ziren batzuk, esate baterako serologia bat marika naizelako (homofobia non?) eta azpimarratzen dut: nik onartu barik. Behin hori dena eginda negarrari eman nion, malkoak sikatu, lagun bati deitu plantara igo baino lehen eta komunera nindoan aitzakia bota nuenez gero, hastandu nintekeen, besoa motxilan sartu segurtasun-eremua igarotzeko eta irten nintzen telefonoz berba egiten nuen bitartean. Ospitale publikoa atzean utzita eraikin itsusi hori ez ikusi arte korrika egin eta tiraka bide madarikatu hori kendu nuen. Hau guztia osasun publikoan. Eta halakoak kontatzen jarraitu nezake, baina luzeegia izango litzateke.
Hori dela eta, mugimendu zoroek osasun publikotik ihes egiten dute, gehienetan, denerako. Berdin da orkatila bihurritu bazaie edo mafrundi bat bada. Askotan larrialdietara besoa hautsi batengatik joaten gara eta Escuzan (Basurtuko Pabiloi Psikiatrikoa) edo Zamudion bukatzen dugu eguna. Beti paziente psikiatrikoak izango gara, garrantzirik gabekoa da zer gertatzen zaigun. Hemen zuetako askok esango duzue: «Beno, medikuek egingo dute behar duzuelako» edota beste bertsio bat «Zuen onerako da, zeuen burua eta besteona ez zauritzeko». Bai? Ba iazko NBEko txosten batean (A/HRC/44/48) errelatoreak aitortu zuen ospitaleetan giza eskubideak urratzen dituztela, hemen ere bai, Euskal Herrian. Eta 2017ko beste txosten batean (A/HRC/35/21) adierazi zuen euste mekanikoak tortura direla. Zer den euste mekanikoa ez badakizue zortea izan duzue, oraingoz, auskalo etorkizunean. Praktika medikua datza besoetatik, aldakatik eta hanketatik zu lotzean: OSASUN PUBLIKOAN. Errelatoreak esan ere egin zuen paradigma biomedikotik aldendu behar dugula eta osasuna eta osasungintza beste ikuspegi batetik aztertu. Baina, ospitale publikoan berdin jarraitzen dute. Ba al zenekiten elektroshocka oraino egiten dutela? Eta, ba al zenekiten Espainiako Estatuan Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba direla gehien egiten duten lekuak? (2012an Psikiatriak eta buru osasunaren aldizkariak plazaratutakoaren arabera: Pattern of electroconvulsive therapy use in Spain: Proposals for an optimal practice and equitable access).
Osasun publikoa bai, BAINA ez bortxaka, beti herritarraren borondatea errespetatuz, beti informazio osoa emanez, arazoak beste ikuspuntu batetik jorratuz. Sekula ere ez da arazoa, sintoma baizik. Nik antsietatea eduki dezaket baina arazoa lan-baldintzak dira edo bortxatu nautela, edo tratu txarrak edo dena batera edo delakoa. Eta ezein munduko pilula ez da konponbidea izango. Izan ere, gehienetan, txarrera egingo du. Horrexegatik mintzen nau mugimendu ezkertiarrek psikiatra eta psikologo gehiago eskatzen dituztenean. Lehenik eta behin, psikiatrizatuen mugimenduei jaramonik egiten ez dietelako. Eta bigarrenik, neure buruari hurrengo galderak egiten dizkiodalako: Non geratu da ezkerraren nahimen eraldatzailea? Kontsultaren barruan gelditu ote da? Hainbeste beldur ematen al dizuegu sufritzen ari garenok?
Heiko Elbira – Alternatibako militantea
Zuzeun argitaratua