Debagoienako Alternatibak bat egiten du astelehenean, ekainak 6an 13:00etan, Arrasateko ospitale aurrean “Osakidetzak kaleratzen gaitu” lemapean egingo den elkarretaratzearekin.
Osasun publikoaren defentsa ez da bakarrik zerbitzu ona eta kalitatezkoa eskaintzea herritarrei; horrekin batera, ezinbestekoa da bertan lan egiten duten profesionalak zaintzea, euren jardun profesionalerako beharrezko baldintza humanoenak bermatuz. Guztiz onartezina da izandako jazarpenagatik ezinbestekoak diren espezialistak, ordezkatzeko zailak direnak, euren lana uztera behartzea. Horrelako gertaerek osasun publikoaren kaltetan dira; izan ere, herritarrentzat oinarrizkoa den zerbitzuaren kalitatea gutxitzen da, eta, era berean, langile baliagarriak galdu.
Zerbitzu publikoak ezin dira langileekiko jazarpena eta lan tratu txarrak burutzen dituzten buruen menpe egon. Ospitale bateko langileen kudeaketa ezin da egon eskubideak aldarrikatzen dituzten eta Osakidetzaren trapu zikinak ateratzen dituzten langileekiko “mendekuen” menpe.
Debagoienak osasun zerbitzu kalitatezkoak behar ditu, langileekiko inongo jazarpenik gabe. Kalitatezko Osasun Publikoaren defentsan nahikoa dela esateko ordua da.