Nola dago osatuta Europa? Edo, agian, galdera beste bat da: zerez dago osatuta Europa? Munduko beste leku askorekin bezala, zaila zaigu definizio bakarra ematea. Nik maite dut imajinatzea Europa bidez, bidezidorrez eta bide ikusezinez osatutako leku gisa. Gizaldiz gizaldi, alderik alde zeharkatzen duten bide zuzen, bihurri eta imajinatuez osatutako geografia irudikatzen dut. Eta bide erreal eta ikusezin horietan barrena, pertsonak batetik bestera. Eta pertsona bakoitzak bere baitan istorio bat du, edo asko. Eta hizkuntza bat, edo asko. Historian barrena pertsona horiek ezker-eskuin, goiti-beheiti, ibilitako bide horiek Europa kolore eta doinu anitzez osatu dute. Irudika dezagun, esaterako, bidegurutze batean emakume bat harri batean eserita. Bidaiari bat heldu eta emakumeari galdetu dio zein bide hartu behar duen halako hirira heltzeko. Emakumeak bidaiaria gonbidatu du bere ondoan esertzera. “Zergatik joan nahi duzu hiri horretara?” Bidaiariak bere historia kontatu dio.
Bidaiariak bere historia kontatzen duen bitartean, urrunago, ibai zabal baten bazterrean, bi gaztek han, beste aldean, dagoen hiriaren distirak imajinatzen dituzte, ur biziak nondik eta nola zeharkatuko dituzten aztertzen duten bitartean.
Europa amestutako bidez osatuta dago, eta bide horiek istorio bidaiariek ibiltzen dituzte. Espainiako Guadalajarako Ipuin Maratoiak “Europa. Ibilbideak eta bideak” izan du aurten lelo. Eta Europa txiki bat bihurtu da, ipuinez osatutako bideak imajinatuz.
Joxemari Carrere – Alternatiba
GARAn argitaratua