Aurtengo ekainaren 28an, Stonewalleko gertakarietatik gaur arte pertsona askeen mundua lortzeko heteropatriarkatua sustengatzen duen zisheteronormatibitate arrazista suntsitzen aritu direnen eta oraindik ere dihardutenen memoria eta borroka oroitu nahi ditugu berriz.
Euskal Herriko hainbat ekintzaile eta kolektiboek eskubideetan aurrera egiteko eta disidentzia sexu-generikoaren bizitzak, errealitate desberdinak eta aldarrikapenak ikusarazteko egin duten borroka luze eta nekaezina ohoratzen dugu.
Etengabe ditugu sistema berrasmatu eta indartu egiten dela gogorarazten diguten berriak, bortitzago bihurtuz eta azken hamarkadetako aurrerapenak mehatxatuz. Sexu- eta genero-disidentzia eta emakumeak beren jomugan daude, eta badakigu gureganatuak ziruditen eskubideak ere ez direla bermatutzat jo behar.
LGTBI pertsonen aurkako erasoek, transfobiak, oraindik ere nagusitzen diren hamaika armairuek… agerian uzten dute LGTBI pertsonen bizitzek ez dutela balio berdina, baztertzeko bizitzak direla, are gehiago migratuentzat, arrazializatuentzat, paperik ez dutenentzat, sexu-langileentzat…
LGTBI pertsonen zapalkuntza, diskriminazioa eta bazterketa sistematikoa da, eta bizitzako esparru eta espazio guztiak barne hartzen dituen egiturazko LGTBIfobiaren parte da.
Borroka hau guztiona izan behar da eta denok exijitu behar ditugu beharrezkoak diren egiturazko aldaketak, erakundeen eta eragile politiko eta ekonomikoen zuriketarako erabiltzen direnak salatuz. Harrotasuna gorputz eta sexualitate guztiak askatzeko borroka emantzipatzailea da.
Euskal Herriko sexu eta genero disidentzia borrokalariaren ondoan izango gara beti. Zuen borroka gure borroka da. Gora ekainaren 28a! Gora borroka transmararibibolloa!