Kataluniako Egun Nazionalaren aurreko edizioetan bezala, Alternatibaren ordezkaritza bat Bartzelonan da egunotan, gure bokazio internazionalistarekin eta herrien erabakitzeko eskubidearen aldeko apustuarekin bat eginez. Herritarren zerbitzura dauden errepublikak eratzea asmo duen ekimen oro babestea ere dago Alternatibaren helburuen artean.
Hori dela eta, irailaren 11 honetan, Diadaren aldeko hainbat ekitalditan parte hartuko dugu, sozialismoa, feminismoa eta ekologismoa defendatzen dituzten erakunde katalanen eskutik, eraikuntza nazionala eta soziala batera sustatzen dutenekin.
Alternatibaren ordezkaritza Sandra Llano alderdiko Koordinadora Nazionaleko kideak eta David Mangado Alternatibaren Nafarroako koordinatzaileak osatzen dute, eta Forum Soberanistak antolatutako ekitaldietan ere parte hartzen ari dira. Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galizako hainbat fundazio politiko, sozial eta sindikalek osatutako lankidetza eremua da Forum Soberanista. Sandra Llano foroko Zuzendaritza Batzordeko kidea da gainera.
Alternatibak arreta handiarekin jarraitzen du Kataluniako prozesu subiranistaren bilakaera, eta Diadan duen presentzia baliatuko du prozesuaren egoera bertatik bertara ezagutzeko, hainbat eragile politiko eta erakunderekin hitz eginez. Azkenik, EH Bilduren ordezkaritzarekin bat egingo dugu irailaren 11ko igandeko ekitaldietako batean.
Interes ekonomiko handienentzat ez, baizik eta klase herrikoien beharren menpe dagoen independentismoaren aldarrikapenarekin bat eginez, Alternatibak Diada honetarako kartela zabaldu du egunotan, hain zuzen ere, honako mezuarekin: «Independentzia herritarren zerbitzura».