Bullying ingelesezko hitza da, eta jazarpena esan nahi du. Zoritxarrez, hitz hau nahiko ezaguna da, eskola eta ikastetxeetan atzemandako jazarpen eta eraso kasu ugarien ondorioz. Bullyinga ikasle batek edo gehiagok beste baten edo batzuen aurka nahita hartutako jarrera oldarkor eta errepikakorrei dagokie. Jazarpenaren ezaugarria da pertsona batek jokabide oldarkorra, errepikakorra, metodikoa eta sistematikoa garatzen duela beste pertsona baten aurka, eraso fisiko edo psikologikoen bitartez. Jazarpenaren helburua da biktima beldurtzea, isolatzea, mehatxatzea, iraintzea eta emozionalki menderatzea, hau da, hitzen eta/edo erasoen bidez kontrolatzea eta suntsitzea biktimaren nortasuna eta autoestimua hondoratzeko eta txikitzeko. Kasu gehienetan botere desoreka dago erasotzaile eta erasotuaren artean, eta biktimak, oro har, isiltasunean eta bakardadean sufritzen du.
Bestetik, azken hamarkadetan eskola jazarpena prebenitzeko hainbat programa garatu arren, eskoletan jazarpenak modu kezkagarrian gora egin du. Esaterako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak 2022an argitaratutako azken datuen arabera, 2020-2021 ikasturtean eskola-jazarpeneko 966 kasu posible aztertu ziren, horietatik 129 identifikatuz, aurreko ikasturtean baino 29 gehiago. Nabarmentzekoa da identifikatutako kasuen %31,7 ziberbullyingari dagozkiola, aurreko ikasturtean baino 16 gehiago. Teknologia eta sare sozialen erabilerak eskola jazarpenaren era desberdin bat garatzen du, eta sortutako eduki digitalen hedapenak krudelagoak izan daitezke edonork ikusarazi baitezake. Gainera, nabigazio-erregistroek datuak gordetzen dituzte eta ez dago informazioaren desagerpenaren ziurtasunik. Ondorioz, jazarpena jasaten duenari eragindako kalteak ez du amaiera finkorik, eta erreproduzitzen jarraitzen du.
Garrantzitsua da, beraz, ikastetxeetan eskola-jazarpen kasuetarako prebentzio programa eta jarduera-plan eraginkorrak ezartzea. Programa edo plan horien barruan funtsezkoak dira tutoretzak. Izan ere, ikasgai aproposa da ikasleei azalpenak emateko eskola-jazarpenaren inguruan. Ildo horretan, UNESCOk “Behind the numbers: Ending school violence and bullying” txostenean iradokizun batzuk proposatzen ditu, eskoletan garatzeko. Azpimarratzen da emozioekin lan egitea eta enpatiaren garapena sustatzea ikasleekin. Baita anonimotasuna bermatzen duen egindako jazarpen-salaketetarako postontzi bat eskuragarri jartzea ere, edozein ikaslek sala dezan jaso edo ikusi duen jazarpena. Horrekin batera, hezkuntzaren komunitate osoaren inplikazioa sustatzearren, eskoletan ikasleak, irakasleak, ikastetxeko langileak eta gurasoak biltzen dituen proiektuak egitea, eskola-indarkeria desagerrarazteko. Garrantzitsua da ere IKTen inguruko formakuntzak garatzea eta ikasleei ohartaraztea haien arriskuez. Izan ere, informazioa online dagoenean, oso zaila da ezabatzea, eta informazioak erreproduzitzen jarraituko du.
Bukatzeko, eskoletan jazarpena saihesteak garrantzitsua izan behar du, ikastetxeari eragin negatibo nabarmena dakarkiolako erasoa jaso izan duen haurraren osasun fisiko, mental eta errendimendu akademikoak. Nabarmendu behar da jazarpenak egiten dituen ikasleak helduaroan ere bizitzako edozein esparrutan jarrera bortitzak garatzeko arriskua areagotu dezakeela edozein helburu lortzeko. Beraz, ezinbestekoa da prebentzio programa eraginkorrak garatzea ikasgeletan, errespetuzko balioetan oinarritutako hezkuntza indartzea, bizikidetza bermatzeko, eskolako jazarpena prebenitzeko eta helduaroan jarrera biolentoak ekiditeko.
Aritza Urrengoetxea – Alternatiba
ARGIAn eta GARAn argitaratua