Argi dugu hezkuntza publikoaren aldeko aldarria inoiz baino beharrezkoa dugula garaiotan, herritarrak berdintasunean, aniztasunean eta askatasunean heziko duen eskola, herritarren eta jendartearen ongizatearen interesetan oinarrituko dena. Hezkuntza Legearen Aurreproiektua eztabaidatzeko zabaldu den epean, ezinbestekoa da hezkuntza publikoan aritzen diren eragileen ahotsa entzutea eta euren aldarrikapenak hutsean ez geratzea. Beste arlotan bezala, osasungintzan edo zaintzan esaterako, publikotasunaren defentsa gehiengoen interesaren alde egitea da.
Hau guztia ez da hutsala. Jendearen ongizatearen aldeko politika publikoak, bereziki kolektibo ahulenak, zaurgarrienak, baztertuenak kontuan hartzen dituztenak, aspaldiko borroka bidea izan da ezkerrarentzat. Neoliberalismoa eta norberekeria gizartearen zirrikitu guztietatik filtratzen ari den garaiotan, hezkuntzaren, osasungintzaren, zaintzan eta, oro har, zerbitzu publikoen izaera unibertsala, kalitatezkoa eta ez diskriminatzailea, inoiz ez bezala aldarrikatu eta defendatu behar dugu.
Guzti horregatik, zabalik dauden eztabaidagune guztietan gure ekarpena egiten jarraituko dugu, eta euskal eskola publikoaren defentsan deitutako mobilizazio guztiak babestuko ditugu, azaroaren 5ean Bilboko kaleak beteko dituena kasu. Han izango da Alternatibako ordezkaritza. Era berean, hezkuntzako sindikatuek azaroaren 30erako eta abenduaren 14rako deitutako lanuzteak ere txalotzen ditugu. Euskal eskola publikoak eremu guztietan defendatu beharra dagoelako, kalean eragileen eskutik, zein legebiltzarreko eztabaidetan. Gure izaeran txertatuta dugu publikotasunaren defentsa; hortik aparte, ezinezkoa ulertzen baitugu jendarte aske eta justu baten garapena.