Azken asteetan, euskal eskola publikoaren aldeko manifestazioa eta lanuzteak egin dituzte hainbat eragile biltzen dituen plataformak eta sektoreko sindikatu nagusiek. Aldarri nagusian bat egin dute: hezkuntza publikoa, euskalduna eta propioa.
Alternatibatik, mobilizazio hauek babestu ditugu eta babesten jarraituko dugu. Gure ustez, eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan behar da. Izan ere, eskola publikoa herritar guztientzat irekita dago eta inolako segregazioen kontrako berme nagusia da. Gainera, Euskal Herriko eremu honetan bizi diren pertsona guztientzat euskara komunikazio eta erabilera komuneko hizkuntza bilakatzeko tresna beharrezkoa eta eraginkorra da.
Hezkuntza publikoa defendatzeko, hura osatzen duten eragileen protagonismoa beharrezkotzat jotzen dugu. Familietatik hasita –ikasleak eta gurasoak– irakasle eta ikastetxe publikoetan lan egiten duten gainerako pertsonekin batera. Norbanakoek zein taldeka, elkarteen zein sindikatuen bitartez. Hortaz, herri justuagoa eta duinagoa eraikitzeko funtsezko tresna diren mobilizazioak txalotzen ditugu. Herri hori, halabeharrez, arlo publikoaren gainean eraiki behar dugu.
Guzti horrengatik, euskal eskola publikoaren aldeko azken greba eta mobilizazio egunak balioan jarri eta izan duten jarraipena nabarmendu nahi ditugu. Era berean, hezkuntza publikoa elkargunea bihurtzeko eta hezkuntza publikotik helarazten diren proposamenekin bat egiten jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu. Gizarte askeagoa eta parekideagoa martxan jartzeko eta beharrezkoa den hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko giltza delako.