Aurtengoan ere, Alternatibako Koordinakunde Nazionalak Bilboko Autonomia kalea betetzeko deia egin du euskal presoentzako justizia eskatzeko hurrengo larunbatean, urtarrilak 7. Justizia horrek, ezinbestean, oraindik indarrean dauden salbuespen neurriak bertan behera uztea ekarri behar du eta, ondorioz, pertsona hauei espetxe politika arrunta aplikatzea, sakabanaketarekin amaituz.
Suminduta ikusten dugu Espainiako estatuak, bere errepresio aparatu guztien eskutik, mendeku irizpideetan jokatzen jarraitzen duela. Horren adibide nabarmenenak dira joan den urtean espetxe-graduak ematean izandako erregresioak, prozedura judizial berriak irekitzea edo fiskaltzaren azken erabakiak.
Giza eskubideen, bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen defentsa beharrezkoak dira herri hobea eraikitzeko, eta soilik gizartearen bultzadari esker lortu ahal izango dira helburu horiek. Mendekuan oinarritutako lege bidegabeekin amaitzeko garaia da, eta, horrela, etapa berri bat ireki behar da, non presoei zein bere senideei eta lagunei ere mina eta sufrimendua gehitzen dieten neurriak baztertuko diren. Herriaren mobilizazioa funtsezkoa da inoiz gertatu behar izan ez zen eta denboran gehiegi luzatu den egoera honekin amaitzeko.
Horregatik guztiagatik, Alternatibatik gure konpromisoa berretsi nahi dugu, justiziaren, konponbidearen eta bakearen alde egiten duten guztiei kaleak hartzeko deia eginez.