Gaurkoa, Errege Eguna, bada egun magikoa. Esne-gainarekin edo esne-gainarik gabe, errege-opila jatea ohitura gozoa da, eta familiarekin bazkari berezia egiteaz harago, dudarik gabe umeentzat egun polita eta ilusioz beterikoa da. Duela egun batzuk opariak eskatzeko gutuna idatzi zitzaien, eta atzo, goiz joan behar izan zuten lotara, gauean ikusi gabe irits zitezen. Zenbait etxeetan janaria uzten zaie beraiei eta euren gameluei, eta zapatak garbi eta prest uzten dira oparien zain. Horrela, aurreko arratsaldean, kabalgata ikusten, eta aurreko gaua, dena prestatzen, irrikaz beterikoak izaten dira. Gaur goizeko emozioa bada opariengatik, baina baita iritsi diren moduagatik ere.
Oinarri historiko sendorik gabeko pasartea da urteekin moldatuz eta sendotuz joan dena. Olentzerori sarriago eta argiago leporatzen zaion arren, egia esan, badirudi jasan duen eraldaketa parekagarria dela. Mitoan sinesten ez den arren, eta Olentzero gero eta errotuago dagoen arren, errege magoen gabonetako erritoak ustekabeko biziraupen-gaitasuna du, belaunaldiz belaunaldi igarotzen dena. Hala ere, seme-alabei kendu nahi ez dieten haurtzaroko oparia dela uste duten gurasoen aurrean, badira gezurra ez betikotzea komeniko litzatekeela uste dutenek, finean tradizioa birplanteatzea komeniko litzatekeela. Baina zergatik iraun du horrenbeste? Eta zertarako balio du?
Egia ez da, noski, baina bigarren mailako kontua da hori, bidalitako mezua eraginkorra den heinean. Garai batean kristautasuna sendotzen laguntzeko balio izan zuen. Egun, gizarte kapitalista eta sekularizatu baten testuinguruan kontsumo erritu gisa du balioa. “Fake news”-ak bezalaxe, gutxienekoa da gezurtatuak izateak edo ez, hauek eraginkorrak izaten jarraitzen dutelako, emozioak eta sinesmenak lehenesten direlako datu objektiboen aurrean. Itxarotea merezi duen hitzemate horri bestelako edukirik ematea lortu ahal dugu egun? Ez da, ez, kontu makala, gizarte orok behar du bere iruditeria eta alde afektiboa.
Maria del Rio
GARA/NAIZen argitaratua