Osasun publikoaren gainbehera nabarmenaren aurrean, Alternatibak, euskal ezkerraren elkarlanaren aldeko erakunde politikoa, hitzaldi sorta bat antolatu du, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako osasun-sistema publikoen egoera jasanezina aztertzeko; besteak beste, larrialdien saturazioa, unitate itxierak, lehen mailako arretaren murrizketak edo zerbitzu buruen balizko matxinada, besteak beste.
Helburu horrekin, osasunarekin lotutako profesionalen edota erabiltzaileen erakundeetako eta plataformetako ordezkariek parte hartuko dute, sistema horiek desegiteko ibilbidearen inguruan aritzeko, bai euskal erakundeetako esperientzietatik, baita beste leku batzuetatik ere.
“Osasun publikoa defendatuz” zikloa ostegun honetan, urtarrilaren 19an, hasiko da, Alternatibaren Gasteizko egoitzan, 18:30ean. Lehen topaketa honetan, Edu Lucas Camacho IAC Kataluniako Intersindical Alternativako kideak; Toño Gomez Liebana Osasun Publikoaren Pribatizazioaren Aurkako Koordinakundeko kideak eta Patxi Nicolau ESK sindikatuko Osakidetzako ordezkariak hartuko dute parte. Aurkezpenaz Claudia Venceslao arduratuko da, Alternatibako kidea eta Arabako JJGGko prokuradorea.
Hurrengo egunean, urtarrilaren 20an, Barakaldoko EH Bilgunean (Elkano 1) izango dugu hitzordua, 18:00etan. Oraingoan Gomez Liebanak eta Lucas Camachok errepikatuko dute, eta Mireia Sainz Querendezek, Barakaldoko Osasun Publikoaren Aldeko BOPA plataformaren izenean; eta Adela Salvador Fernandezek, LAB sindikatukoa, parte hartuko dute. Alternatibatik, aurkezpena Aritza Urrengoetxeak egingo du.
Datorren astean, zikloak Tuteran jarraituko du, urtarrilaren 25ean, asteazkena, 19:00etan Lourdes Gizarte Etxean. Txomin Gonzalez, Nafarroako EH Bilduko legebiltzarkidea; Marisol Saiz-Aja, Nafarroako Osasun Plataformakoa eta osasun garraio sektoreko ordezkari bat izango dira. David Mangado Nafarroako Alternatibako koordinatzaileak moderatuko du.
Laugarren eta azken hitzaldia Donostian izango da, urtarrilaren 26an, osteguna, 18:30ean, Alternatibak hiriburuan duen egoitzan (Autonomia 15). Hizlariak datozen egunetan zehaztuko dira.
Gutxienez, lehenengo hitzaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da Alternatibaren sare sozialen bidez, Youtuben @AlternaTB kanalean, baita Facebook eta Twitterren ere. Hitzaldi guztiak sarrera askekoak izango dira aretoen edukiera bete arte.