Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu eta espetxeratu zutenetik urtebete igaro denean, Alternatibak Poloniako agintarien aldetik euskal kazetaria jasaten ari den egoera salatu nahi du, neurriz kanpoko inkomunikazio egoera eta behin-behineko espetxealdiaren luzapena. Izan ere, orain arte ez da jakin zein diren kartzelan mantentzen duten frogak eta gertakariak.
Alternatibak egiaztatu eta salatzen du, Poloniako gobernuak Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean jasotako zenbait artikulu urratzen ari dela, eta horrek kezka sortzen digu etorkizunean egin daiteken epaiketa baten aurrean; izan ere, azken urteetan, Poloniako agintariek botere judizialaren independentzia urratuz joan dira eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere ebatzi du Poloniako goi-organo judizialek ez dituztela betetzen bidezko epaiketei buruzko arauak.
Gogorarazi nahi dugu Poloniako estatuan komunikabideen adierazpen askatasuna murrizten ari dela Poloniako Gobernuaren errepresioaren ondorioz. RSFren arabera, Prentsa Askatasunaren sailkapenean, 2015ean 18. postuan zegoen, eskuin muturrak boterea eskuratu zuenean. Dagoeneko, 2022an, zerrendaren 66. postuan zegoen Polonia.
Euskal erakunde eta agintarien eta Estatuko Gobernuaren geldotasuna salatzen dugu, eta beharrezko kudeaketak egiteko eskatzen diegu, euskal kazetariak berme guztiak dituen prozedura bat izateko eta prozesu honetan jasaten ari den eskubide-urraketei amaiera emateko.
Azkenik, Alternatibatik, euskal gizarteari dei egiten diogu Pablo Gonzalezen askatasuna aldarrikatzeko ekintza eta mobilizazioetan parte har dezan.
#FreePabloGonzalez