Gure kide eta EH Bilduko diputatu Oskar Matutek adierazi du EH Bilduk akordioa egin duela PSOErekin eta Unidas Podemosekin, Industria Legeak laguntza publikoak berreskuratzeko eta lanpostuak mantentzeko baldintzak ezar ditzan deslokalizazio kasuetan. EH Bilduren legez besteko proposamenari aurkeztutako erdibideko zuzenketa bati esker adostutako neurriak Industria Legean zehaztu eta garatu beharko dira.
Espainiako Gobernua osatzen duten indarrek konpromisoa hartu dute EH Bildurekin legedi zehatz bat lantzeko eta garatzeko. Helburu nagusia honakoa da: beren jarduera deslokalizatzen duten enpresei finantzaketa eta laguntza publikoen lorpena baldintzatzea. EH Bilduk, PSOEk eta UPk adostutako egitasmoa ostegun honetan onartu du Kongresuak, gehiengo zabal baten babesarekin: 175 diputatuk alde bozkatu dute; 11k abstentziora jo dute; eta 158k aurka bozkatu dute.
Ildo horretan, Industria Legeak ezarritako baldintzak ez betetzeak erakundeetatik jasotako laguntza publikoak bueltatzea eragingo du, hiru indar politikoek adostutako erdibideko zuzenketak dioen bezala: “Enplegua mantentzeko baldintzarekin emango dira laguntzak; beraz, baldintza hori betetzen ez duten enpresek, jasotako laguntzak itzultzera behartuta egongo dira”.
EH Bilduk uste du akordioa “abiapuntu egokia” dela Industria Legearen negoziazioei ekiteko eta akordio zabalagoa lortzeko, legez ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten enpresen laguntza publikoak arautzeko. Ezkerreko talde subiranistaren arabera, berri ona da Espainiako Gobernua osatzen duten indarrak prest agertzea lehenbiziko aldiz legedi zehatz bat garatzeko deslokalizazioak saihesteko eta lanpostu guztiak mantentzeko.
EH Bildun irakurri