Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak tokiko merkataritzaren egoera “larria” aipatu du, izan ere, “gero eta ohikoagoa da gure kaleetan lokalak itxita ikustea” eta horrek, nabarmendu duenez, “eragina dauka” gure hiriko “segurtasunean, langabezi tasan eta baita ere auzo baten bizitzan eta bizilagunen arteko harremanetan”.
Horrela, EH Bildu hurbileko merkataritzaren aldeko apustua egiten duela adierazi du Maria del Riok, “enplegua sortzeko eta auzokideen arteko harremanak sendotzeko motor gisa”. Ildo horretan, EH Bilduren proposamenetariko bat hurbileko dendei lokal hutsak alokairu publikoan eskaintzea dela azaldu du.
Bilboko EH Bilduren alkategaiak adierazpenok ETB1 ‘Egun on Euskadi’ saioan egindako elkarrizketan egin ditu. Bertan turismoaren ereduaz ere hitz egin du. Gogoratu duenez, Bilbon” turismoarekin beranduago hasi gara”, izan ere,, “baditugu gertuko adibideak, esaterako, Donostian”.
Bere ustez, udal gobernuaren kudeaketa turismoari dagokionez aurreikuspenik gabekoa da, “nora goazen jakin gabe, eta gehiegi pentsatu gabe”. Maria del Riok adierazi duenez, nahiz eta “turismoak auzo batzuetan eragin gehiago izan, inpaktua Bilbo osoan dauka” eta ondorioak asko dira, besteak beste, etxebizitzaren garestitzea.
Baina, baita ere “lanpostuen prekarietatean, nolako enplegu mota sortzen duen”, gaineratudu. Ildo horretan, atzo Alde Zaharrerako bidean ‘free tour’ pila ikusi zituela gogoratu du Del Riok, “horiek leku batetik bestera mugitzen, alde batetik, zer kontatzen duten ez dakigula, bestetik, bizilagunen bizitzan eragina nabaria izanik eta, gainera, lanpostu duinak sortu gabe”. “Ezinbestekoa horrelako ekimenak aztertzea eta arautzea guztion onurarako izan daitezen”, nabarmendu du.