Mila koloretako banderak haga erdian daude atzoz geroztik, Miren Basaldua Garay ekintzaile nekaezinak agur esan digulako. Alternatiba, Ekologistak Martxan, Mundubat, EH Bildu, Gorripidea eta hainbat plataformatako militantea izan zen. Hainbeste borroketan aritu zen, nekez ahaztuko dugula bere ondarea.
Miren inor baino leku gehiagotan zegoen, baina egoteaz gain, parte hartu eta ekarpenak egiten zituen. Asanblada eta batzar ugarietako ahots kritikoa zen, kontraesanak adierazten zituen eta eztabaida sustatzen zuen, baina beti zekien non, nola eta norantza eraiki. Akaso ez zen burkiderik “erosoena” -eta hala ere ezin zuen ekidin maitatuena izatea- baina ez zuen militatzen inoren mesedetan baizik eta mundu hobea lortzeko. Eta horregatik, ekologismoa, deshazkundea, feminismoa edota antikapitalismoa atzo baino umezurtzago daude.
Luze iraungo du manifestazio batean Miren jendartean bilatzea, ia beti zegoelako bertaratutakoen artean, askotan pankartari eusten ziola. Udaberrian joan zaigu, agian borrokak loratzen diren urtaroa delako; maiatzean joan da, 71 urte betetzearen atarian, akaso iraultzen hilabetea delako. Agian ez da inoiz erabat joango, berarekin borroka bat partekatu zuen azken pertsona joan arte; eta ordurako asko falta da.
Hainbeste defendatu zenituen lurrak eta aireak goxo har zaitzatela orain Miren. Gure maitasun guztia daramazu, utzi diguzun guztiaren truke; zure ausardia, indarra eta eredua. Eskerrik asko gurekin hainbeste partekatu izanagatik. Ez zaitugu inoiz ahaztuko.