Kataluniako Egun Nazionalaren aurreko edizioetan bezala, Alternatibaren ordezkaritza bat Bartzelonan egon da, gure bokazio internazionalistarekin eta herrien erabakitzeko eskubidearen aldeko apustuarekin bat eginez. Herritarren zerbitzura dauden errepublikak eratzea asmo duen ekimen oro babestea ere dago Alternatibaren helburuen artean.
Hori dela eta, irailaren 11 honetan, Diadaren aldeko hainbat ekitalditan parte hartuko dugu, sozialismoa, feminismoa eta ekologismoa defendatzen dituzten erakunde katalanen eskutik, eraikuntza nazionala eta soziala batera sustatzen dutenekin.
Alternatibaren ordezkaritza Sandra Llano alderdiko Idazkaritza Teknikoko kideak eta Josu Estarrona EH Bilduko senatariak osatzen dute, eta antolatutako ekitaldietan ere parte hartu dute, hala nola, Herrien Eskubide Kolektiboen Deklarazio Unibertsalaren 25. urteurrena omentzeko ekitaldian. Bertan, Korsika, Faroe Uharteak, Euskal Herria, Galiza, Irlanda eta Quebeceko ordezkariek euren nazioek bizi izan dituzten prozesu independentistak azaldu zituzten.
Alternatibak arreta handiarekin jarraitzen du Kataluniako prozesu subiranistaren bilakaera, eta Diadan duen presentzia baliatuko du prozesuaren egoera bertatik bertara ezagutzeko, hainbat eragile politiko eta erakunderekin hitz eginez. Azkenik, EH Bilduren ordezkaritzarekin bat egingo dugu irailaren 11ko igandeko ekitaldietako batean.
Interes ekonomiko handienentzat ez, baizik eta klase herrikoien beharren menpe dagoen independentismoaren aldarrikapenarekin bat eginez, Alternatibak Diada honetarako kartela zabaldu du egunotan, hain zuzen ere, honako mezuarekin: «Independentzia herritarren zerbitzura».