Radio Euskadiko Ganbaran egindako elkarrizketan, Oskar Matute EH Bilduko diputatuak ezustekoak baztertu ditu Nuñez Feijook presidentegai izateko egin duen bigarren bozketan: “Feijook osasun-kordoiez hitz egiten du, baina Diputatuen Kongresuak berari erakutsiko dio errealitatea zein den”. Gainera, hautagai popularraren diskurtsoa “PPko buruzagi bati aspaldian entzun dion gogorrena” dela esan du; “Santiago Abascalek berak sinatuko lukeen diskurtsoa”.
Behin PPren hautagaiaren gaitzespena berretsita, hurrengo fasea Pedro Sanchezen balizko inbestidurarako negoziatzea izango da. EH Bilduko diputatuarentzat, negoziazio horiek “konplexuak” izango dira, baina orain arte bide onetik doazela uste du. Matutek aurreratu duenez, bere alderdiak negoziatzeko planteatuko dituen bi ardatzak lurralde-eztabaida eta aurreko legealdiko gizarte-politiken aurrerapenei jarraipena ematea izango dira. EH Bilduren Kongresuko diputatuak negoziazio luzeak aurreikusten ditu, non “Espainia urdinak” oztopoak jarriko dituen Sanchezen balizko inbestidurari begira. Hala ere, gauzak “egin behar diren bezala” egiten ari direla uste du.Irakurri EiTBn.