Senatuan egin duen lehen agerraldian, gure kide Josu Estarronak adierazi du espainiar estatuan ez dela “beharrezkoa frankismo-garaietara atzera egitea titiriteroak kartzelan, prozesio feministengatik kondenatuak, erretiratutako artelanak eta zigortutako raperoak ikusteko”. Halaber, Arabako senatariak PPren eta Voxen zentsura kasuak salatu ditu, eta Fermin Muguruzak Goya sarietarako izendapenaren harira izandako lintxamendua gogorarazi du. Josu Estarronaren arabera, “frankistak oheratu eta demokratak altxatu zirenen adierazpen bat gehiago” dira kasu hauek.
Bestalde, politikari gasteiztarrak Euskal Herriko zentsura kasuen zerrenda luzea ekarri du gogora, hala nola Txalaparta argitaletxearen aurkako jazarpena, Egunkaria edo Egin-en itxiera, Itziar Ituño eta Miren Gaztañagaren jazarpena eta Negu Gorriak, Su Ta Gar eta Berri Txarrak taldeen kontzertuak bertan behera uztea, besteak beste. Aldi berean, EH Bilduko senatariak koroa iraintzearen edo sentimendu erlijiosoen aurkako delituak ezabatzearen alde egin du, “zuri-beltzeko garaiak faltan botatzen dituzten epaile kontserbadoreen irudimenean baino ez baitira existitzen” delitu hauek.