Osakidetzako zuzendaritzak azpimarratu izan du egungo gainbehera koiunturala dela, COVIDaren, medikurik ezaren, ilargiaren kokapenaren edo chemtrailen ondoriozkoa. Edozein aitzakiak balio du, pribatizatzea eta gutxi batzuen negozioa publikoaren degradazioa bilatzen duen kudeaketaren ondorio logikoa onartu beharrean.
Bestela, kasualitatea al da azken Osasun sailburuek, ate birakari bidez, osasun pribatuko enpresetan aritu izana? Jon Darpón, Keralty-n, oposizioek eragindako zalapartaren ondorioz dimisioa eman behar izan eta gero; Gabriel Inclán, Quirónsalud Bizkaia-n; eta Iñaki Azkunaren estatua, IMQ-ren Zorrotzaurreko eraikin bereizgarriaren sarreran zaindari; Ander Urruticoechea, Donostiako Onkologikoa desegitearen eta pribatizatzearen arduraduna, orain Osakidetzaren etorkizuna diseinatzeaz arduratzen da.
Osasun publikoa defendatzeko argudio gisa, osasun arloan gehien gastatzen duen erkidegoa garela saltzen digute. Tranpa hutsa, jakina. Izan ere, gastua BPGren ehunekoarekin alderatzen badugu, hau da, gastua aberastasunaren arabera, EAEn % 5,54koa izan da 2024an. Eta ehuneko horrek zer adierazi nahi du, benetan erreferenteak diren beste herrialdeekin alderatuta? Europan, batez bestekoa % 7koa da; Alemanian, % 11,1ekoa da; Frantzian, % 10,4koa. Baina, Espainiako estatuarekin alderatuz gero ere, atze-atzetik goaz, datua erabiltzean (edo tranpa erabiltzean, nahi den bezala) ez baita zehazten nola gastatzen den zenbateko hori. Laburbilduz, 2024an, ia 250 milioi euro gastatuko dira ituntzeetan, hau da, osasun pribatuko zerbitzuak kontratatzean. Zenbatekorik handiena 12 urtean.
Horrek amildegira garamatza, erremediorik gabe. Adibide modura, anbulantzien grebak agerian jartzen du Osakidetzako larrialdietako egoera jasanezina. Oinarrizko Bizi-euskarriaren subrogazioaren ondorioz, langileen soldatak eta lan-baldintzak kaltetzen dituzte, enpresa-piraten erruz. Enpresok beti eskaintza merkeak eskaintzen dituzte, eta, hala ere, kontratu publikoa eskuratzen dute.
Arazoa ez da subrogazioa bakarrik, baina. Osakidetzak zuzenean kudeatutako zatiari dagokionez, anbulantzietan eta Koordinazio-zentroetan medikurik ez egoteak agerian uzten du kudeaketa eskasa dela. Pandemiaren erdian, larrialdietako zuzendari batek dimisioa eman behar izateak, Castroko bigarren egoitzara joatearren; beste batek dimisioa eman behar izateak, DYAko presidente gisa bidegabeko eralgitzeagatik ikertua izateagatik, eta greban dauden langileei erantzunik ez emateak argiro laburbiltzen dute osasun publikoa hobetzeko planik ez dagoela. Inor ez bolantean.
Era berean, ezin dugu ahaztu OSPko langileek jasaten duten tratu txar sistematikoa. Lan-zama handiak, bajen estaldura eskasa, kontratu prekarioak etengabe kateatzea, bete ezin diren kupoak “indarrez” sartutako hitzorduekin, izen-abizenak dituzten plaza urriko EPEak (eta horrek, izan ere, langileei estres gehiago eragiten die), eta jarrai genezake, ad infinitum.
Egoera hau etengabe bira dabilen gurpil zoroa da, osasun-prebentzioa baztertzeak, ospitale-sistema garestiago baten mesedetan, gure sistema enpresa pribatuen harrapakin harrapaerraza bihurtu du. Prebentzioa ez da negozio errentagarria, baina bada gaiztogarria. Horrexegatik, herritarren zati batek uste du 50€-ko aseguru pribatu batez osasun-arreta estalita daukala, baina, gero, harritu egiten dira diagnostikatutako gaixotasuna aseguruarentzat errentagarria ez denean eta Osakidetza narriatu eta eskalimatura bideratzen dituztenean. Halaber, Osakidetzako itxaron-zerrenda lotsagarriengatik atzeratzen diren diagnostikoak aurreratzen dituzten probak ordaintzeko diru-kopuru “apalak” ere aipatzekoak dira.
Hori horrela, iltze gehiago jartzen ditugu Osakidetzaren hilkutxan, eta gure zerga eta poltsikoetatik eta ate birakariz ondo koipeztutako osasun pribatura dirua transferitu.
Osakidetzaren egungo narriadura ez da koiunturala. Duela urte batzuetatik arian-arian ezarritako estrategien emaitza da. Pandemiak aurretik zeuden tentsioak agerian utzi zituen eta degradazio-prozesua bizkortu zuen. Gaur egun osasun-sistema badabil, lan-karga izugarriak beregain hartzen dituzten langileei esker da. Lehen mailako arretaren narriadura, osasungintzarako sarbidea, EAGak ixtea, ospitaleetako larrialdietako gainkarga edo itxaron-zerrenden gorakada, batera, Osakidetzaren egungo egoeraren argazki argigarri samarra ematen diguten errealitateak dira.
«Salba dezagun Osakidetza» kanpainako artikulua