Azken urteetan LGTBI+ pertsonen ikusgarritasuna handituz joan den bitartean, eraso LGTBIfobikoek ere gora egin dute.
Europa mailan berriki egindako inkesta batek adierazi duenez, ikusgarritasun maila handiagoa izan arren, oraindik ere askatasunez bizitzeko beldurra dago. Adierazi du, halaber, eraso eta jazarpen-kasuek, eskola-jazarpenak barne, gora egin dutela Europan azken urteetan.
Ikusgunek, Vitoria-Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokia, 28 gertakari jaso ditu 2023an Araban, orain dela gutxi argitaratutako txosten batean, azken 5 urteetako maximoa. Halaber, Iruñeko Udalaren LGTBIfobiaren aurkako Behatokiak 34 kasu erregistratu zituen 2022ko abuztutik 2023ko uztailera bitartean. Kattalingorri elkarteak LGTBIfobikoak diren hiru eraso salatu ditu maiatzean Iruñean, etengabe gertatzen ari diren erasoen berri emanez.
Europan nabarmentzekoak dira trans eta intersex pertsonen aurkako jazarpen-maila handiak, oro har diskriminatuenak eta zigortuenak, horiek baitira indarkeria jasotzeko, osasun mentaleko arazoak izateko eta gizarte-bazterkeria bizitzeko aukera gehien dituztenak. Halaber, trans kolektiboaren aurkako indarkeria eta diskurtso deshumanizatzaileak azpimarratzen ditu Ikusgunek, lesbianek oraindik ere bizi duten ikusezintasunarekin batera.
Hala ere, Ikusgunek adierazten duen bezala, ezin dugu esan LGTBI+ pertsonen aurkako indarkeriak gora egin duela, baizik eta indarkeria horiek geroz eta gehiago ezagutzen eta salatzen direla.
LGTBI+ kolektiboen borroka luzearen ondorioz, azken urteetako aurrerapen sozial eta juridikoak agerikoak dira, LGTBI+ pertsonei eskubide gehiago eman eta kontzientzia sozial handiagoa birsortu dutelarik. Eskubideetan aurrera egite horrek eta gizartearen onarpen maila handiagoarekin batera eskuin muturraren eta sektore transbaztertzaile batzuen gorroto-diskurtsoen zabaltzea ere eman da, bereziki kezkagarriak azken urteetan.
Gaur bereziki gogoratu nahi ditugu Pamela Cobbas, Roxana Figueroa eta Andrea Amarante, Argentinan lesbianak izateagatik erailak. Borrokan jarraituko dugu, urteko egun guztietan, LGTBIfobiarik gabeko mundu baten alde, non denok aske izateko aukera izango dugun gure desio, adierazpen eta identitateetan. Borrokan jarraituko dugu, denok libre izan arte!