Bilbobusen egoera ohiko hizketagai bihurtu da Bilbon. Ez da gutxiagorako; izan ere, apirilaren 9az geroztiko greba mugagabearen ondorioz (ia bi urteko gatazkarekin batera), bereziki garraio publikoko beste aukerarik ez duten auzoetako bizilagunek mugikortasun zailtasun handiak dituzte. Ez da aurten sektorean egin den greba bakarra, baina, zalantzarik gabe, bai gehien enkistatu dena. Kudeaketa forma da kasu honen elementu diferentziala. Hiriko beste garraio nagusietan −metroa eta tranbia− modu zuzenean egiten da, eta ez, ez da errail kontu bat; Donostiako Dbus eta Gasteizko Tuvisa hiri-autobus zerbitzuek ere modu zuzenean egiten baitute. Gero eta jende gehiagok eskatzen du zuzeneko kudeaketa Bilbobusera ere zabaltzea, eta udal-gobernua bera zerbitzuaren publifikazioaz hausnartzeko prest agertu da, aho txikiarekin egin badu ere. Gainera, egun, tokiko gobernuek zerbitzu publikoen kudeaketa zuzena beren gain hartzeko joera egonkortzen ari da Europa osoan. Ez zen erabaki arrotza izango ezta bereziki apurtzailea ere, baina bai eraginkorra.
Tradizionalki zerbitzuak kanpora ateratzea defendatzeko erabilitako argudio nagusia eraginkortasun ekonomiko handiagoa lortzea izan da (lan-kostu txikiagoak, malgutasuna eta produktibitate handiagoa…). Hala ere, kasu askotan agerikoa da arazo ugari sortu dituela. Esaterako, enpresen kontrolari buruzko eskumen publikoak modu desegokian erabili izan dira, kostu erantsiak sortu dira, etengabeko prestazio egonkorra ez da bermatu, lan-baldintzak degradatu dira, edo kasurik okerrenetan irregulartasunak sortu dira. Hartzen diren erabakien helburua herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea hobetzea izan behar da. Garraioa oinarrizko zerbitzu publikoa da, hiriaren bizi-kalitaterako estrategikoa eta aurrekontu publikoek finantzatua. Administrazioa ezin da enpresa baten atzean ezkutatu. Bilbobusen kasuan, gainera, flota Udalaren bereizgarri den B zuriz apainduta dago. Argudio ekonomikoez gain, antolamendukoak, juridikoak eta ideologikoak ere kontuan hartu behar dira.