Hurrengo asteazkenean, irailak 18, Alternatibaren Mahai Feministak hitzaldi bat antolatu du Gasteizen Miren Aranguren Etxarterekin batera. Emagin Elkarteko kide izan delarik hastapenetatik, azken urteotan bereziki zaintzaileen egoeraren gainean ikertzen dihardu, tokiko politika publikoak aldatzeko eskuhartzeak sustatzeko. Euskal Herriko Bilgune Feministako kide ere bada.
Soziologian lizentziatua, ondoren Emakume eta Gizonen Berdintasun masterra egin zuen EHUn. Gaztetatik herri mugimenduak izan ditu jomugan -gazte mugimendu, gaztetxe eta mugimendu feminista-, aldaketa politiko eta sozialaren bila. Horrek eraman zuen Euskal Herriko Bilgune Feministan jardutera. Saretze lana, koordinazioa eta hainbat proiektuen dinamizazioa izan dira bere ardura.
Hitzaldiari dagokionez, zaintza publiko-komunitarioen ingurukoa izango da. Kontzeptu hau gure gizartean nola ulertzen dugun aztertuko da, ikuspuntu feminista eta ezkertiar batetik. Hitzaldia Gasteizen izango da, Alternatibako Egoitzan (Herrandarrak kalea, 25), arratsaldeko 18:00tan Aurkezlea Monika Plazola izango da. Hitzaldia euskaraz izango da, eta erdarazko itzulpena eskeiniko da.