Bilboko “El Silo” aretoan egindako ez-ohiko Asanblada Nazionalean, datozen hiru urteetan alderdia gidatuko duen zazpi laguneko Koordinadora Nazional berria hautatu da. Orain arte indarrean egon den Koordinadorak aurkeztutako proposamenari %96eko baiezko botoarekin eman zaio onarpena.
Honako hauek izango dira arduradunak:
- Jone Castresana Martinez, Ekintza Politikoko arduraduna;
- Ayem Oskoz Urrutikoetxea, Pentsamendu, Hausnarketa eta Prestakuntza Politikoko arduraduna;
- Aylen Marinero, Mahai Feminista eta Gazte Guneko arduraduna;
- Jorge Carballo Francisco, Kudeaketa, Administrazio eta Finantzen arduraduna;
- Maria del Rio Pereda, Aliantza Politikoen arduraduna;
- Javier Zulaika Cuadra, Mahai Internazionalistako arduraduna;
- eta Claudia Venceslao Pueyo, Antolaketa eta Instituzioetako karguen arduraduna.
Koordinadora berriaren izenean, Maria del Rio Peredak eta Jone Castresana Martinezek hartu zuten hitza. Garoñaren itxiera edo Frackingaren amaiera herriaren borrokaren adibide gisa aipatu zituen Del Riok. Halaber, Bardeetako tiro-poligonoa herriarentzat eskatu zuen, eta Urdaibain turistifikaziorako proiektuak arbuiatu zituen. “Gure herri txiki honetatik, Gernikako herritik, imperialismoaren, guda danborren aurrean eta herriak, bizitzak eta etorkizunarekin amaitzea zilegitzat dutenen aurrean, guk ozen eta zutik altxatzen gara”, adierazi zuen.
Biek ala biek nazioarteko herriak ekarri zituzten gogora: Sahara, El Salvador eta, bereziki, Palestina. Israelek bertan burutzen duen genozidioa salatu zuten. Castresanak, berriz, adierazi zuen gazteei etxebizitzarako eskubidea ukatua zaiela, eta pentsiodunen egoera salatu zuen, bereziki emakume pentsiodunena. Halaber, ohartarazi zuen oldarraldi faxistak emakumeak, LGTBIQ+ pertsonak eta migratuak jomugan dituela. Itsumituen garaipena, euskal presoen dispertsioaren amaiera eta Tubacex-eko borroka ere aipatu zituen, esanez “militantzia, aktibismoa, aktibazioa… mundua mugiarazteko euskarriak” direla. Amaitzeko, “Alternatiba badago… gu gara Alternatiba!” oihuarekin bukatu zuen bere hitzartzea.
Ez-ohiko Asanblada hau mugarri da Alternatibaren ibilbidean. Eszenaratze zaindu baten bidez, Koordinadora Nazional berriarekin batera, logotipo eta irudi berria estreinatu du ezkerreko alderdiak. Ekitaldian Oskar Matutek ere hartu zuen hitza:
“Hiltzeko jaio ginela esaten genuen, gu baino handiagoa den ideia baten zerbitzura gure indar militante osoa jartzea zelako helburua. Ez dugu siglen abertzaletasunean sinesten. Alderdiak agertu eta desagertu egiten dira, baina ideiek bere horretan dirautelako. Horregatik jarri ginen fronte zabal baten zerbitzura, subiranotasunari eta justizia sozialari dagokienez. Eta horregatik jarraitzen dugu Alternatiba izena jartzen gure herriko klase herrikoien zerbitzura.”
Azkenik, alderdiaren printzipioak jasotzen dituen “Mundua mugiarazteko euskarrik” dokumentua berretsi du afiliazioa, %1ooeko baiezko botoarekin. Iazko kurtso politikoan hasi eta orain amaitu den hausnarketa kolektibo baten ondorioa da ez-ohiko asanblandan berretsitakoa.