Bilduk “bilgune” izan nahi duen webgunea aurkeztu du gaur
Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta independente ezkertiarrek osatutako koalizioak Bildu.info atariaren aurkezpena egin du gaur Bilbon. Prentsaurrekoan Zuriñe Gaintza, Amaia Agirresarobe, Lore Martinez eta Asier Gomez izan dira. “Herritar guztiei eskaini eta beraiekin konpartitu nahi dugun tresna da webgune hau”, Gaintzak adierazi duen legez.
Koalizioari buruzko berriak, irudiak eta bideoak jasotzeaz gain, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak espazio propioak dituzte webgunean. Era berean, herriz herri hautes-programen eta hautagaiei buruzko kontsultak egiteko aukera zabalduko du. Gainera, Martinezek aurreratu duen legez, ekitaldi nazioanalak streaming-ean emitituko dira aurrerantzean.
Koalizioak teknologia berrien “trena” hartu nahi du eta webgunea ezezik, hemendik aurrera Facebook, Tuenti eta Twitter sare sozialetan ere ariko da, aurreratu du Gomezek. “Herritarron sareko eremu pertsonal horretara sartu nahi dugu eta herritarrei gure berri eskaintzeaz gain, partaide izan dadila nahi dugu”.
Agirresarobek “ekarpen motibagarritzat” jo du webgunea eta “egun Euskal Herrian bizi dugun ilusio eta itxaropena” lau haizetara zabaltzen lagunduko duela iragarri du. Izan ere, “aldaketa politiko eta sozialerako” lagungarri izan daitekeela gaineratu du: “Hemen ez da filtrazio interesaturik izango, herritarren indarrak biltzeko gogoa isladatuko da, prozesuari bultzada geldiezina erakusteko leihoa izango da eta ezkerreko politikak aplikatzeko proposamenen kokapena”.
Azkenik, Gaintzak “EAJk, PSE-EEk eta UPN-Alderdi Popularrak isladatzen duten politika egiteko estilo zaharkitu, usteldu eta etsigarritik” aldendu eta “freskura, ilusioa, gogoa eta itxaropena” kontrajarri nahi diotela nabarmendu du. Izan ere, “herri interesak” dira Bilduren lehentasunak eta horrek “Madrilen zein euskal alderdi jakin batzuetan” kezka handia eragin du, bere ustez. “Kezka horien iturria jasotzen ari garen babes zañaba baino ez da”, laburbildu du zerrendaburuak.