Alternatibak albiste baikorra deritzo su etena hausten ez duen ETAren edozein agiriari. Hala ere, ETAri, “erantzukizunak besteengan ez lagatzeko eta dagokiona bete dezan” eskatu dio, “indarkeria behin betiko utzita”. Era berean, Espainia eta Frantziako Gobernuei “bake prozesuan parte hartu eta berau baieztatzeko lan egin” dezatela galdegin die.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek indarkeriaren kontrako konpromisoa berretsi eta “bakea egonkortzeko guztion konpromisoak beharrezkoak” direla gogorazi du, “ezin dira bakoitzaren ardurak besteei leporatu, bakoitzari dagozkionak onartu behar dira eta horiek betetzeko ahal duen guztia egin beharra dago”.
Ildo beretik, ETAri dagokiona “estrategia militar antzua behin betiko lagatzea eta euskal gizarteak bere eragile sozial eta sindikalekin batera eskatzen duena onartzea da, gizartea delako Euskal Herriak behar duen bake eta normalizazio prozesua gidatu behar duena”.
Era berean, eta frantziar estatuan gertatutako tiroketak eragin dituen zalantzen aurrean, Espainia eta Frantziako Gobernuei “bake prozesuarekin benetako konpromisoa hartu eta ETAk iragarritako su etena baieztatzeko” dei egin die.